Beste hitzordu bikoitz bati aurre egin dio Pasaia Kayakek
Larunbatean Hondarribian izan zen talde pasaitarra, Euskadiko XVII. Kopan aurpegia emanez. Igandean, Zaragozaraino egin zuten bidea urdinek.
Larunbatean hasi zen Hondarribian Itsak Kayakeko Euskadiko XVII. Kopa, bertan ospaturiko Bikingo Egunaren barruan. 10 kilometroko ibilbidea bete behar izan zuten palistek Txingudi badian, irteera eta helmuga Butrongo hondartza txikia izanik. “Lan gogorra” izan zela aitortu dute prestatzaileek.
Lander Rodriguez eta Aritz Araneta ziren pasaitarren aukerarik garbienak sailkapen absoluturako, eta ez zuten hutsik egin, biek lortu baitzuten podiumera igotzea, bigarren eta hirugarren postuak lortu ondoren, hurrenez hurren. Oier Aizpurua zumaiarra izan zen garailea.
Gainerako kideen lanarekin, bigarren izan ziren urdinak taldekako sailkapen orokorrean, Itxas-Gain irabazlearen atzetik eta Irungo Santiagotarrak taldearen aurretik. Hori gutxi balitz, Rodriguezek Itsas Kayakeko Euskal Selekzioa ordezkatzeko plaza lortu zuen Cardouan-en (Frantzia) jokatuko den nazioarteko probarako, Aizpurua irabazlearekin batera.
Igandea, Zaragozan
Igandean Mequinenzan (Zaragoza) jokatutako Ur Lasaietako Maratoi modalitateko Espainiako Kopan ere emaitzak lagun izan zituen talde pasaitarrak, beste bi domina lortu baitzituen k-2 probetan; beterano eta kadeteenak.
Bero izugarriarekin ere, Eukene Saez errenteriarrak eta Iñaki Fernandezek osatutako bikote mistoak bigarren postua lortu zuen Beteranoen lehian, zailtasunak zailtasun; eta Kattalin Altuna eta Noa Revueltak osatutakoak brontzea Kadete kategorian, Iruñeko Piraguismo Pamplona taldeko ordezkariekin borroka estuaren ondoren.
Beste hainbat postu aipagarri lortu zituzten pasaitarrek: Eñara Nuñez eta Irati Herce laugarren k-2 kadetean, Maialen Vitoria bosgarren, Ainara Jimenez bederatzigarren eta Ioar Alonso hamargarren k-1 kadetean, eta Iñigo Lois hamabigarren k-1 seniorrean. Lan guzti horri esker hamargarren postua lortu zuten pasaitarrek 126 punturekin, estatu osotik etorritako 50etik gora taldek osatutako sailkapenean.
Datorren asteburuan ere hitzordu bikoitza izango dute pasaitarrek. Marea urdinak ez du etenik.