Francisaldia, LGTBI+ kolektiboaren ziklo bateratua
Errenteriako Udalak LGTBI+ kolektiboarentzat erreferente diren egunetan programazioa antolatu du azken urteetan. Aurten, baina, «urrats bat» egin, eta egitarau bateratu bat osatu dute.

Maiatza eta ekainean zehar, Errenteriako Udalak eta LGTBI+ Mahaiak antolatuta, Francisaldia zikloa egin da. Itziar Ostolaza Errenteriako Udaleko Berdintasun zinegotziak ziklo horren gako nagusiak azaldu ditu. Ostolazak baietsi du bizpahiru urte daramatzatela LGTBI+ kolektiboarentzako erreferente diren urteko bi egunen testuinguruan programazioa antolatzen.
Aurten, baina, «urrats bat» egitea erabaki dutela azaldu du, eta programazioa «modu bateratu» batean aurkeztu dute, Francisaldia izenarekin. «Guretzat urrats kualitatibo bat izan da zentzu horretan, orain arte izan ez duen espazio eta bateratze bat ematen baitizkio. Horrez gain, bateratzean, herritarrentzako irisgarriagoa bihurtzen da eta sentsibilizazioa ere ikusgarriagoa da. Ekintzak modu isolatuan bideratzen direnean galduago geratzen dira, baina batera azaltzen direnean, emaitza beti biderkatzailea da», azaldu du Ostolazak.
Zikloak bere izen propioa izan behar zuela ikusi zuten. Vicente Vadillo Francis-en erailketak inpaktu handia izan zuen, eta programari Francisaldia izena jartzeak «Francis oroitu eta berak ireki zuen ibilbideari aitortza» egitea dakarrela nabarmendu du Ostolazak.
Zikloa duela hilabete eta erdi abiatu zen, eta orain arte egiten duten balorazio baikorra da. Gainera, gizarteko esparru guztiak sentsibilizatzeko, adin tarte ezberdinetara iristeko apustua egin dutela zehaztu du Ostolazak: «Haurrekin irakurketa saioak egin dira Lekuona Fabrikan; DBHko ikasleekin, Erre ikuskizuna baliatuz, gaia modu ludikoan eta atseginagoan landu da; eta helduentzako eskaintza handiagoa izan da, interes gune ezberdinen araberakoa».
Programazioaren barruan LGTBI+ ekintza planaren aurkezpena egin zen, eta hori nabarmendu nahi izan du hautetsiak: «Plan hori azken hilabeteetan egin dugun lanaren emaitza da. Udal bezala politika publikoetan jauzi bat egitea ahalbidetuko digu, lehen aldiz osatu baita tankera horretako plan bat udalean. Planeko ekintza bat, gainera, udaletik programazioa sustatzea da, eta hori da Francisaldia zikloa».
Zikloari bukatzeko, bihar, Transmarikabollo Kalejira eta Ortzadar banderaren igoera egingo dira.