Oarsoaldeko Harrobirak aniztasunez beteko du eskualdea larunbatean
Oarsoaldeko Transmaribollo Bizikleta Martxak eskualde oso-osoa zeharkatuko du, Donibanen hasi eta Lezon bukatuta. Tartean, herriz herri, harrera egingo diete martxalariei.
Kuku taldearen ekimenez, bigarren Harrobira egingo dute larunbatean (hilak 25) Oarsoaldean. Oarsoaldeko Transmaribollo Bizikleta Martxa da. Donibaneko Santiago plazan hasiko dute bidea iniziatibarekin bat egiten dutenek, eta eskualde oso-osoari bira eman ondoren Lezon bukatuko dute bi gurpileko martxa partaideek.
Koloreaniztasuna eta bizikleta uztartuko ditu bizikleta martxak, erlazio sexual edota afektiboetan kolore guztiak baliogarriak direla aldarrikatzeko. Kuku taldearen ekimenez egingo dute bigarren hau ere; antza, inguruotan emakumeak gustuko zituzten emakumeei kuku deitzen zieten.
10:00etan hasiko dute bidea bihar martxalariek Donibaneko plazan, ondoren San Pedro (10:30), Trintxerpe (10:55) eta Antxo (11:35) zeharkatzeko. Pasaiakoak eginda, Errenteria-Oreretako Kaputxinoetako biribilgunera iritsiko dira (12:30), han ortzadarraren banderaren igoera ekitaldiarekin bat egiteko. Hori eginda, Oiartzunerako bidea hartu (13:45ean plazan), eta ondoren Lezora jaitsiko dira 14:30ak inguruan.
Kontuan hartzekoak
Lezoko helmugan, norberak eramandako jakiekin bazkaria egingo dute (edaria eskuragarri izango da), eta ondoren, Festa Transmaribolloa Txerrimuñon. Alta, antolatzaileek jakinarazi dute poliki egingo dutela bidea (kaskoa eraman behar da), eta ibilbidearen edozein puntutan martxara sartu, edo bertatik atera ahal izango dela. Gainera, furgoneta bat izango dute lagun, edozer behar izatekotan babes bezala. Herrietan egingo diren ekitaldietara joaten ere parte har daiteke.