San Pedroko futbol talde Gaztea, azken sasoiaren 'ginga'
Sanpedrotarra Futbol Elkarteko hiru taldeak ohorezko postuetan ibili dira azken denboraldian, igoeraren ateetan guztiak. Gazte kategoriakoek Ohorezko Mailara igotzea lortu dute, eta ez hori bakarrik.

Sanpedrotarra Futbol Elkarteko hiru taldeek (Gizonen Gorengo Mailakoa, Gizonen Lehen Erregionalekoa eta Gizonen Gazteen Lehen Mailakoa) tinko egin diote aurre joan den denboraldiari, denak ibili direlarik lehian kategoria bakoitzeko igoera fasean.
Horien artean, Gazte Mailako sanpedrotarrek Ohorezko Mailara sailkatzea lortu dute, eta Pasaiako talde bakarra izango da datorren denboraldian Gipuzkoako maila hartako lehia gorenean arituko dena.
Gazteek denboraldiari «ginga» jarri diotela uste du Juan Carlos Alduntzin futbol elkarteko presidenteak. Izan ere, talde horrek, igoera ez ezik, oroigarri berezia ere utzi baitu San Pedron aurtengoan: I. Gipuzkoako Futbol Sarien banaketan, denboraldiko kiroltasun keinuagatik aitortza eman die federazioak jokalariei.
Sona handikoa izan zen, gertatu zenean, keinu hori. Tolosan jokatu zuten partida batean euren atean gol bat sartu zuten sanpedrotarrek, propio, lehenago tolosarrei gol bat sartu zietelako aurkarietako bat lurrean zaurituta zegoela. Presidentea harro agertu da gazteekin: «Eduki zuten keinua oso adierazgarria izan zen, kiroltasunez egindakoa, eta haiei atera zitzaiena, gainera. Kirol ikuspegitik oso zuzena eta poztekoa izan zen».
Aurrera begira
Datorren denboraldirako erronka nagusia egonkortzea izango dela esan du Alduntzinek, «eta ez da gutxi». Bi senior taldeak borrokan nahi ditu berriro igoera faseetan, «gora begira». Gazteen helburua, Ohorezko Mailan mantentzea; «ea lortzen dugun».