Adierazpen instituzionala LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean
LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, Errenteriako Udalak zenbait konpromiso hartu ditu kolektiboaren eskubideen defentsan sakontzen jarraitzeko.
Ekainaren 28a, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna, dela eta, Errenteriako Udalak adierazpen instituzionala egin du. 53 urte igaro dira New Yorken Stonewall-eko istiluak gertatu zirenetik. Testuinguru hartan, kolektiboak poliziaren aldetik jasaten zuen jazarpenaren aurrean erreboltatu ziren, eta data hori mugarri bihurtu zen LGTBIQ+ pertsonen borroka. Ondoren, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Francis hil zuen Errenteria-Oreretako diskoteka batean. Hori dela eta, ekainaren 28 horretan, LGTBIQ+ pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartu zituzten euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatuz.
Ordutik hona, aurrerapenak eman badira ere, horiek hauskorrak dira. Eraso LGTBIQ+fobikoen datuak gora doaz, ‘armairuak’ presente jarraitzen du, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira, eta ondorioz, LGTBIQ+ pertsonen bizitzak arriskuan daude. Horrez gain, eskuin muturreko diskurtsoek gora egin dute, eta cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatzeko beharra aldarrikatzen dute.
Hori guztia kontuan izanik, Errenteriako Udalak aitortu nahi du, LGTBIQ+ kolektibo eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina, eta zentzu horretan, LGTBIQ+ pertsonen eskubideekiko urteko egun guztietan duen konpromisoa.
Honakoak dira Errenteriako Udalak hartutako konpromisoak:
1. 2019an burutu zen ‘ErreferenteEkin’ Errenteriako LGTBIQ+ biztanleriaren errealitateen diagnostikoan abiapuntutzat hartuta, 2022an zehar landu eta maiatzean onartu berri duten LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko ekintza-plana garatzea.
2. Ekintza-planean jasota dagoen bezala, 2019-2023 legegintzaldia bukatu aurretik, lau ekintza konkretu martxan jartzea:
- LGTBIQ+ politiken aholku kontseilua sortzea, orain arte lanean jardun den LGTBIQ+ mahaitik abiatuta.
- Egun esanguratsuetarako sentsibilizazioa eta jabekuntza sustatzeko programazioa antolatzen jarraitzea.
- Transexualak diren pertsonentzat aholkularitza zerbitzua martxan jartzea.
- Errenteriako LGTBIQ+ pertsona eta mugimenduaren memoria jasotzeko beka sortzea.
3. Madalen jaien testuinguruan indarkeria matxistari aurre egiteko sortzen dugun kanpaina eta protokoloak LGTBIQ+ pertsonen errealitatea kontuan hartzea.
4. LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasuna sustatu nahian, ekainaren 28an udaletxeko balkoian ortzadarraren eta trans harrotasunaren ikurrinak jartzea, egun osoz.
5. LGTBIQ+ mugimenduak egun honen testuinguruan burututako deialdietan modu aktiboan parte hartzea eta herritarrak deialdi horietara gonbidatzea.