[Argazki galeria] Master atletak, bikain Espainiako Txapelketetan
Errenteria Atletismo Taldeko hamaika partaideek 17 domina lortu zituzten Master mailako Espainiako Txapelketetan.
Hilaren 17tik 19ra Master mailako Espainiako aire zabaleko bakarkako txapelketak egin ziren Tenerifeko Arona herrian. Txapelketa horietan Errenteria Atletismo Taldeko (EAT) hamaika kirolarik hartu zuten parte, soilik marka minimo bat lortzen dutenek hartu baitezakete parte. EATko partaideen emaitzak bikainak izan ziren, eta guztira 17 domina lortu zituzten: urrezko 9, zilarrezko 6 eta brontzezko bi. Horrez gain, dominen sailkapenean laugarren postuan bukatu zuten txapelketa.
Lorpenei dagokionez, honakoak dira partaide bakoitzak lortutako emaitzak:
- Esther Estefania: Urrea eta Espainiako errekorra 400 metrotan; urrea eta txapelketako errekorra 800 metrotan; urrea 1.500 metrotan; eta urrea 5.000 metrotan.
- Antonio Castro: Zilarra 5.000 metrotan; eta seigarren 1.500 metrotan.
- Amaia Pelaez: Brontzea 4×100 metroko erreleboetan; eta 100 metro, 200 metro eta jauzi hirukoitzeko probetako parte hartzailea.
- Cristina Guerra: Brontzea 4×100 metroko erreleboetan; eta finalista 400, 800 eta 1.500 metroko probetan.
- Ines Perez: Urrea eta txapelketako errekorra 100 metrotan; eta urrea eta txapelketako errekorra 200 metrotan.
- Omar Gonzalez: Seigarren luzera jauzian; zilarra jauzi hirukoitzean; eta zilarra 4×400 metroko erreleboetan.
- Rafa Ferrer: Urrea 300 metroko hesietan; laugarren 400 metrotan; urrea 4×100 eta 4×400 metroko erreleboetan; eta seigarren 200 metrotan.
- Patxi Riezu: Urrea pertika jauzian; urrea 4×100 eta 4×400 metroko erreleboetan; eta laugarren altuera jauzian.
- Miguel Harina: Urrea 4×100 eta 4×400 metroko erreleboetan; zilarra jauzi hirukoitzean; eta 200 eta 400 metroko probetako parte hartzailea.
- Leire Castilla: Zilarra pertika jauzian; brontzea 4×100 metroko erreleboetan; zilarra 4×400 metroko erreleboetan; eta 100 metro, 200 metro eta jauzi hirukoitzeko probetako parte hartzailea.
- Loreto Lopez: Brontzea pertika jauzian; brontzea 4×100 metroko erreleboetan; zilarra 4×400 metroko erreleboetan; eta zazpigarren 400 metrotan.
Espainiako Master Txapelketetan lortutako emaitza guztiez gain, EATko Fidel Mujika eta Rafa Ferrer partaideek Gipuzkoako Master Txapelketako hirugarren jardunaldian lehiatu zuten. 4×800 metroko erreleboetako proban, gainera, irabazteaz gain, 65 urtetik gorakoen mailako munduko errekorra hautsi zuten. Erreleboen talde horretan, EATko bi kideekin batera, Cesar Perez eta Gorka Ruiz Cabestani aritu ziren.
Horrez gain, txapelketa horretan ere EATko bi taldek hartu zuten parte. Emakumeen taldea Monica del Rinconek, Amaia Pelaezek, Arantxa Atxukarrok eta Adelaida Rubiok osatu zuten; eta gizonezkoenari dagokionez, Patxi Riezuk, Josu Diazek, Arkaitz Aginagaldek eta Miguel Harinak.
Hona hemen txapelketa horien argazki batzuk. Argazkiak Errenteria Atletismo Taldearenak dira: