[Galeria] Euren gustuko herria eraikitzeko hondar alea jarri dute txikienek
Udalak sustaturiko Eskubidean planari esker, herriko hiru ikastetxeetako 60 gaztek auzolanean zenbait hobekuntza egin dituzte herrian.
Pasaiako Udaleko haur eta nerabeen sailak, Eskubidean planaren baitan, herriko gazteekin auzolan jardunaldi bat antolatu du, barruti ezberdinetan. Protagonistek berauek erabakitako ekintzak dira egin dituztenak.
Anunciata, Karmengo Ama eta Pasaia Lezo-Lizeoko LHko 60 ikasle inguruk, euren ekimenez, jolaserako edo aisialdirako erabiltzen dituzten espazioak hobetu dituzte. Horretarako, auzolan egun bat egin dute, euren egunerokoan garrantzitsuak diren espazioetan hobekuntzak egiteko.
“Aukera izan dute eurena ere baden kalea modu askean eta sortzailean euren gustukoago bihurtzen”, azaldu dute arduradunek, “haurren begirada gehituz, haien nahiak ikusaraziz, eta hobekuntzak eginez”. Egitasmoa, esan bezala, aurretiko parte hartze saioetan gazteek emandako iritzi eta ikuspuntuen ondorioz jaio da.
Besteak beste, jolas eremuak margotu eta loreak jarri, edota Alabortza garbitzeko ardura hartu dute haur eta nerabeek. Horra hor Pasaiako Udalak HITZAri utzitako zenbait argazki: