[Elkarrizketa] «Aspaldi ez nuen nire estiloko zerbait, disfrutatzeko soilik, egiten»
2022ko sanferminetako kartel lehiaketa irabazi du antxotarrak. Diseinuaren ageriko nahiz ezkutuko esanahiez mintzatu da.
Zein harreman duzu diseinu grafikoaren munduarekin?
Txikitatik asko gustatu izan zait mundu artistikoa, diseinuarena, margotzea, marraztea… Nire etxean paretak ere margotzen nituen! Eta, noski, nire gurasoek gero errieta egiten zidaten, arrazoi guztiarekin [barrez]. Lehen Hezkuntzan nintzenean pintura klaseetan sartu ninduten Lezon, eta bertan urtebete edo bi eman nituen. Horiek izan ziren, nolabait esateko, nire hastapenak.
Gero alde batera utzi nituen klaseak, baina etxean margotzen jarraitu nuen, batez ere akuarela, hobby bezala-edo.
Ikus-entzunezko Gradua ikasi nuen Bilbon, eta bukatzerakoan Master bat egin nuen Madrilen, Ilustrazio, Editorial eta Publizitateari buruzkoa. Bertan hasi nintzen, agian, apur bat serioago. Bost hilabete ere eman ditut praktiketan Irunen, diseinatzaile grafiko bezala, eta master bat egingo dut irailetik aurrera titulazio horrekin.
Hortaz, mix bat badut, nire hobby-a bada, baina profesionalki ere honetan jardun nahiko nuke.
Zein diseinu mota duzu gogokoen?
Denetarik egitea gustatzen zait, gehienbat akuarelekin ibiltzen naiz, baina ilustrazio digitalak ere egiten ditut bektoreekin, horixe da jaietako kartelerako egin dudana.
Masterrean eskatu zidaten Instagrameko kontu bat egiteko (@_leireart) eta bertan igotzen nituen asteroko proiektuak; askotarikoak ziren: aste batean komiki bat sortu behar nuen, beste batean kartel edo poster bat… apur bat denetarik.
Lehen aldia da San Ferminetako kartel lehiaketan parte hartzen duzuna?
Bai, lehena da. Aurreko urteetan ez nuen sekula pentsatu izena ematea, ez dakit zergatik. Eta tira, halako egun batean Azokan nintzen zerbait hartzen, eta Pasaia Itsas Festibalaren kartel bat ikusi nuen; oso polita iruditu zitzaidan, eta gogoa piztu zitzaidan halako zerbait egiteko, azken bost hilabeteetan, praktiketan egin behar izan ditudan diseinuak oso lotuta egon baitira enpresari eta bere produktuari. Horregatik, banuen gogoa nire estiloko zerbait egiteko.
Etxera joan eta Pasaiako Udalaren webgunean ikusi nuen kartel lehiaketan parte hartzeko epea zabalik zegoela, eta izena ematea erabaki nuen. Bi aste pasa nituen pentsatzen [barrez esan du]!
Hasieran zerbait kontzeptualagoa egin nahi nuen, ez dakit zergatik, eta konturatu nintzen horretan ez nintzela oso trebea [barrez] eta aldatu nuen. Egungo kartelaren bozetoa eskuz egin nuen, horrela egiten baitut beti, lehenengo eskuz eta gero digitalera pasa. Hor erabaki nituen koloreak, entregatu nuen, eta aste batzuk pasata deitu ninduten, esanez irabazi nuela.
Egia esan, ez nuen espero. Irabaztea beti da izugarrizko poza, ni oso kontent jarri nintzen; lehen gauza egin nuena nire aitari deitzea izan zen, kontatzeko! Baina tira, nik izena eman nuen asko gustatzen zaidalako halakoak egitea, eta gehiago gogoa nuelako, ez irabazteko intentzioekin. Aspaldi ez nuen nire estiloko zerbait, disfrutatzeko soilik, egiten.
Hurrengo urtean, egia esan, ez dakit zer egingo dudan; auskalo non eta zertan ariko naizen, ez dut planik oraindik.
Kartela aurrean ez duen norbaiti, nola kontatuko zenioke zer ikus daitekeen bertan?
Egoera dibertigarri bat, jai girokoa, alaia, sanferminetako elementu mitikoekin uztartuta. Hor da Antxoko San Fermin eliza, suziriekin atzean, bertatik botatzen baita txupinazoa.
Horrez gain, txikitan asko gustatzen zitzaizkidan erraldoiak eta buruhandiak, eta horiek ere sartu nahi izan nituen. Txikitan neska nuen mutila baino gogokoago, eta pentsatu nuen emakumeen irudikapen bezala hura ere sartzea.
Detailetxo asko ere baditu kartelak: Antxoko erreka egiteaz gain, eta agian benetan dena baino apur bat politago [barrez], zenbait ahate ere sartu nituen, Fermintxo, Antxoko Errekako Ahatea Facebookeko orriari erreferentzia egiteko, baita errekako zubia… Noski, San Ferminetako arropa, zapi gorriarekin, eta horiek jantzita baita kuadrilla bat, danborradaren atzetik doana.
Koloreei dagokienez, sanferminekin beti pentsatzen dugu zuri-gorrian, baina kartela dibertigarriagoa, alaiagoa, egin nahi nuen, eta horregatik sartu nituen kolore gehiago; festa giro hori adierazteko.
Eta zuretzako, antxotar bezala, zein esanahi du diseinu honek?
Niretzako kartelak, eta jaiek, orokorrean, irudikatzen dute maite dituzun horiekin pasatzeko dituzun jaiegunak; lagunak, bikotea, familia… denak elkarrekin edo edozein modutan, elkartu eta ongi pasatzeko. Horregatik nahi nuen kartel oso alaia egin, musikarekin hor tartean, danbor soinuak eta jendea atzetik…
Garrantzitsua da, eta hau orokorrean, jai guztietarako, ongi pasatzea gorroto deliturik egon gabe, jazarpen eta erasorik gabe. Antxon nik uste oso kontuan hartzen dela feminismoa, LGTB kolektiboarekin batera.
Kartelaren bozetoa egin eta gero, bukatzen ari nintzela, gauza batzuk etorri zitzaizkidan burura eta horiek ere gehitu nahi nituen. Baina nahiz eta berandu zen horiek gehitzeko [barrez], nolabait jaso nahi izan nituen emakumeen presentzia hori nahiz kolektiboarena, eta ortzadar bat sartu nuen horregatik; hortxe dago, hodei batean, baina nola hala sartu nahi nuen.
Niretzako kartela hori da: jaiak, azken batean; maite dugunekin ongi pasatzea. Eta ea dena ongi doan jai hauetan!