[Erreportajea] Errenteriako pala taldea, 27 urteren ondoren txapeldun
Urte luzez borrokan egon ondoren, Errenteriako pala taldeak Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketa eskuratu zuen ekainaren 18an. Lorpen horren erantzuleetakoa izan da Ibon Eskisabel palista.
Ekainaren 18a historikoa izan zen Errenteria-Oreretan. Egin zuen beroaz gain, Errenteriako pala taldea Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketako irabazle izan zen Olaberriako pilotalekuko finalean Andoaingo taldea mendean hartu ondoren. Herriko palistak finaleko bi partidetan nagusitu ziren, eta 27 urteren ondoren, berriro eskuratu zuten txapelketa. Larruzko paletan Eskisabelek eta Rubenek 35-27 irabazi zuten Andoaingo Iradiren eta Ponceren kontra; eta pala motzean, berriz, Yorel eta Abel 40-33 nagusitu ziren Altunaren eta Rekalderen aurka.
Ibon Eskisabel herriko palista da laukote garaileko protagonistetako bat. Onartu du «poz handia» sentitu zutela txapelketa bereganatu zutenean: «Hasieran ez genuen sinesten, baina bai, lortu genuen. Urte asko izan dira lorpenik gabe txapelketa honetan, eta ilusio handiarekin hartu dugu».
1991tik 1995era urte oparoak bizi izan zituen Errenteriako pala taldeak Herriartekoan, bost txapelketa jarraian irabazi zituztelako. Baina 1995ean eskuratu zuten azken txapelketatik, 27 urte luze igaro dira aurtengoan nagusitu diren arte. Urte horietan guztietan herriko palistak txapelketa bereganatzen saiatu dira. Denbora horretan, lehian gogor ibili dira, hiru final ere galdu dituzte, baina laugarrenean, eta 27 urteren ondoren, txapeldun dira berriz ere. Eskisabel, gainera, Errenteria-Oreretako palisten lehen titulu horiekin zaletu zen palan: «Gu ez ginen kontziente zenbat urte pasa ziren irabazi zen azken txapelketatik, baina azken txapela 1995ean lortu zuten, duela 27 urte, eta atzera begiratuta urte asko dira. 1991tik 1995era bostetan irabazi zuten txapelketa, eta gogoratzen dut hasiberria nintzela final horietako bat ikustera joan nintzenean. Han zaletu ginen».
27 urte izan badira ere, Eskisabelek baietsi du egoera herrian ez dela «kezkaz» bizi izan: «Pilota herrian ez da asko bizitzen, ez dago eguneroko elkarrizketetan. Gure artean, gure munduan, beti hitz egiten da Herriartekoaz, baina ez gara kezkan bizi. Bizitzan bezala, dena boladak dira. Jendea badoa, berria dator, eta beste herriak ere indartu dira denbora horretan. Gu ez gara kezkati egon, baina Herriartekoa garrantzitsua izan da beharbada bost urtez jarraian irabazi zelako».
Herriarteko Txapelketak, gainera, berezitasun bat du, palista bakoitzak bere jatorriko herriko taldean jokatu behar duelako. Adibidez, herrikoa ez den pilotari batek ezin du Errenteriako taldea ordezkatu, herrikoak soilik aritu daitezke, eta egoera hori Eskisabelentzat «berezia» da, «espeziala baita herriko eta etxeko jendearekin jokatzea».
Erregulartasun handia txapelketan
Herriko palistak maila bikainean aritu dira, eta finalean nagusituta biribildu zuten osatu duten txapelketa ona. Beste urteekin alderatuta, aldaketa batzuk egin zituztela aitortu du Eskisabelek, aurtengo Herriartekorako aurreko urteetan egin zituzten bikoteak aldatu zituztelako. Horrez gain, zorte puntu bat ere izan zuten. Arazo batzuengatik Tolosako taldea erretiratu behar izan zen final- laurdenetan, eta Errenteriako taldea kanporaketa jokatu gabe pasa zen finalaurrekoetara.
Zorte puntu hori izan bazuten ere, Tolosaren aurkako kanporaketa ez jokatzeak «arazoak» ekarri zizkiela aitortu du Eskisabelek. Hori dela eta, finalaurrekoetan Olaberriaren aurka jokatu zituzten partidetan «zailtasunak» izan zituztela azaldu du: «Tolosaren aurkako kanporaketa jokatu ez genuenez, errodaje falta sumatu genuen Olaberriaren kontrako joaneko lehietan. Norgehiagokak ez genituen gaziki hasi, baina sentsazioak ez ziren onak, argi dominatu ziguten. Biak galdu bagenituen ere, partida bukaerak onak izan ziren, eta markagailua makillatu genuen. Psikologikoki kanporaketan mantentzen lagundu zigun, irauli beharrezko diferentzia txikiagoa zelako. Itzulerarako, guregan sinesten genuen, topera atera ginen, eta bi norgehiagokak oso ondo irabazita, finalerako sailkatu ginen».
Finaleko aurkaria aurreko urtean izan zuten bera izan zen: Andoain. «Iragan denboraldian, antsietatearengatik edo gogo gehiegi genituelako, partida txarrak egin genituen. Aurten, baina, ez dugu tentsio hori nabaritu, alde atera da dena eta asko gozatu dugu».