Hasi dira Lezoko udaleku irekiak
Uztailaren 29ra arte iraungo dute, eta jaialdi batekin emango diete amaiera. Gainera, haurtzaindegi zerbitzua egongo da aurten.
Berrehun haur inguruk eta monitoreek hasiera eman diete aurtengo udalekuei. Pandemia dela-eta bi urtez geldirik egon ostean, gaur goizean Herri Eskolan elkartu dira. Lehenengo eta behin aurkezpenak eta zenbait argazki egin dituzte. Ondoren, ekintza ezberdinak egiten hasi dira.
Bada, uztailaren 6an eta 29an ekintza bereziak egingo dituzte. Hurrenez hurren, San Ferminen bezperan txupinazoa egingo dute; eta jaialdia hilaren amaieran (udalekuen azken egunean). Beste alde batetik, aurten haurtzaindegi zerbitzua eskainiko du Lezoko Udalak, uztailean zehar. Lanean ari diren gurasoei bideratutakoa, goizeko 08:30etatik 09:30etara izango da, astelehenetik ostiralera.
Blog honetan igoko dituzte informazio eta irudi guztiak, haur zein senideek eskura eduki ditzaten.