Hiru aste barru bukatuko da Ereintza VIII. Tenis Opena
Ekainetik daramate hamarnaka tenislarik lehiatzen. Leku ezberdinetako jarraitzaileak bertaratu dira aurten Errenteriara.
Ekainean Ereintza VIII. Tenis Open txapelketa hasi zen, eta Madalenetan finalak jokatzen direnera arte, Errenteriako tenisaren jarraitzaileek ikuskizuna bermatuta izango dute. Ereintza Eskubaloiak antolatuta, Errenteriako Udalaren nahiz Gipuzkoako Tenis Jarraitzaileen laguntzarekin, Beraungo Pista Balioaniztunean hogeita hamahiru tenislari dabiltza lehiatzen. Taldeetan daude banatuta, eta kanporaketetara sailkatzeko norberak taldeko gainontzekoen aurka egin beharko du.
Parte hartzaileei dagokienean, Errenteria, Donostia, Lasarte, Tolosa, Legorreta, Urnieta, Bera, Zaragoza eta Hondarribiar jatorrikoak dabiltza lehian. Bertan daude aurreko edizioetako zenbait garaile eta finalista: Raul Ramos, Inko Mujika edo Gaizka Aduriz, tartean.
Norgehiagokak bertatik bertara jarraitzeko aukera dago, doako, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 16:00etatik gaueko 21:00etara; larunbatetan, goizeko 10:15etatik gaueko 22:00etara; eta igandetan, 10:15etatik eguerdiko 14:00etara. Emaitza zein sailkapenak esteka honetan kontsultatu daitezke.