[Erreportajea] Odolki bila joan, eta Nazionalen aurrean antzezten
Orratx! Antzerki Taldeak memoria historikoarekin lotura duen ‘Ay, Karmela’ lanaren estreinaldi bikoitza egingo du bihar eta etzi Gezala Auditoriumean
Bihar eta etzi, 19:00ak aldera gutxi gorabehera, inurritxoak izango dituzte urdail partean sei lezoarrek. Mertxe Larrea, Amaia Herrero, Araitz Larrea, Edurne Agirrezabala, Joseba Salaberria eta Begoña Azpiazu izango dira urduritasun puntua izango dutenak. Tira, zazpigarren bat ere izango da aztoratu samar, Lierni Fresnedo. Orratx! Antzerki Taldeak urteko estreinaldia egingo du bi egun horietako 20:00etan, Gezala Auditoriumean sei aktore horiekin eta Fresnedoren zuzendaritzapean. Ay, Karmela! da proposamen berriaren izena. Haiek, Amaia Legorburu soinu teknikaria eta Txema Rivera argiztapen arduraduna izango diuzte alboan. Ekipo ona dute.
Fresnedo zuzendariak azaldu du Ay, Karmela Orratx!-ekin egitearen ideia iaz memoria historikoaren gainean herrian egin zen lanketa batetik datorkiola, eta aldi berean, Jose Sanchis Sinisterra valentziarraren jatorrizko lana [¡Ay, Carmela!] taldera ekartzeko asmoa ere aspaldiko zuela. 1936ko gerran dago kokatua trama. «Errepublikarren aldean bizi zen bikote bat ondoko herrira doa odolkiak erostera, ohartu gabe Nazionalen aldekoa zela herri hori. Harrapatu egiten dituzte. Orduan, haiei ezer ez egiteko, Francoren aldekoek proposatzen diete antzerki obra bat egitea, baina Nazionalen aldera egokitua»; hori tramaren hasiera, zuzendariak azalduta. Berez, bi pertsonarentzat dago pentsatua Sanchis Sinisterraren jatorrizko obra, baina Orratx!-ekoak sei direnez, sei eszenetako bakoitzean binaka txandatzen joango dira. Antzerkiaren klasikoa lezoar erara moldatu dute, Orratx! estilora.
Hitza astelehenean izan zen taldekideekin, Gezalan bertan. Jada egokitua zuen oholtza, eta jantzien azken probekin ari ziren aktoreak. Entsegu orokorra zuten. Maskararik gabe, gainera. Izan ere, antzerkigintzarako ere pandemia lazgarri izan da, eta aurpegien espresioa antzeman behar den arte eszenikoan musukorik erabili behar ez izana abantailatzat jo du Fresnedak, bai aktoreentzat, bai eta ikusleentzat ere.
2022ko estreinaldi bikoitzaren atarian ziur daude taldekideak publikoaren erantzuna ona izango dela, haientzat oso berezia baita herritarren babespean antzeztea. Baina Fresnedok adierazi du, bi emanaldi jarraian egin izan dituztenean, egun bateko eta besteko ikuslegoa ezberdina dela: «Eta ez dakigu zergatik. Larunbateko funtzioa, igandekoaren diferente izaten da. Aktoreak ere ezberdin sentitzen dira. Bizirik dagoen zerbait da emanaldi bakoitza. Hori du antzerkiak».
Herrien arteko sarea
Lezoko emanaldien ondoren, Orratx!-ekoen intentzioa da herritik kanpo ere taularatzea Ay, Karmela!. Oiartzunen, edo Donostiako Kontadoresen adibidez. Baina zentzu horretan, gogoeta egin du Fresnedok: «Urtetik urtera antzerki talde amateurren zirkuitua geroz eta txikiagoa da. Gero eta konplikatuagoa da kanpora ateratzea. Euskal Herrian talde ez profesional oso onak daude, Pasaiara, Oiartzunera, Errenteria-Oreretara edo Lezora begiratu besterik ez dugu hori berresteko. Baina hain gertu, eta hain urruti gaude! Ondo legoke eskualdean behintzat zirkuitu bat edo antzeko zerbait sortzea».