[Argazki galeria] Maitane-Jone eta Virgilio-Telleria bikoteak garaile Antxoko Pala Txapelketan
Goizean jokatu dituzte Axular Pala Txapelketako finalak Biteriko pilotalekuan. San Fermin Jaien atariko lehian giro bikaina izan da.
Gaur, larunbata, jokatu dira Axular Pala Txapelketako finalak Biteri plazako pilotalekuan. Emakumeetan Maitane-Jone bikotea izan da garaile finalean 25-18 gainditu dituztelako Izaro eta Garbiñe. Gizonetan, berriz, Virgiliok eta Telleriak jarri dute txapela, finalean Iribar-Murillo bikoa mendean hartu dutelako 25-12 emaitzarekin. Giro eder eta eguzkitsua izan da pilotalekuan, klasiko den San Fermin Jaien atarikoan.
Partiden ondoren, sari banaketa egin dute Axular plazan. Han, irabazleei txapelak jartzeaz gain, emakumeetan nahiz gizonetan bigarren, hirugarren eta laugarren izan direnei sariak eman dizkiete. Gainera, bi kategorietako jokalaririk onenak ere izendatu dituzte: emakumeetan Maitane Gomez izan da onena [ezin izan du sari banaketan egon, haren amak jaso ditu oroigarriak], eta gizonetan Jon Telleria. Ekitaldian aitortza berezia egin diote Joxan Mujikari.
Sari banaketaren ondoren bazkaria egin dute partaideek, eta nahi izan duten guztiek. Jarraian, partidetako eta sari banaketako argazkiak.