[Argazki galeria] Asgarth-ek jasango ditu Porrusaldaren eta desafioaren ondorioak
Gaueko Asgarth taldearen kontzertuaren aurretik, Porrusalda Txarangak eta San Pedron Bizi desafioak ederki asko berotu dute eguna.
Barka dezatela txantxa Asgarth metal taldekoek, baina haiek jasan beharko dituzte gaur San Pedroko jaietan izan den giroaren ondorioak. Izan ere, goiz-goizetik Porrusalda Txarangakoak arduratu dira herri giroa pizteaz, zuri-gorriz jantzita, orotariko koloredun puxikekin. Klasikoa da San Pedroko festetan, larunbatetan, Porrusaldatarren kalejira. Gehienak haurrak, baina ondoan guraso asko. Esna jarri dituzte barrutiko kaleak, oroitaraziz txikienek ere badutela jaiaz gozatzeko espazioa San Pedron. Sastakai txaranga ezinbesteko aliatu izan dute.
Ondoren etorri dira buruhandiak (12:30), eta bazkalostean, desafioa: San Pedron Bizi Desafioa (16:30ean hasi da). Barka dezatela berriz ere Axier Enbil sanpedrotarra buru duten Asgarth taldekoek, herritarren arteko desafioko giroa izugarria izan delako, eta ziur han izan diren askok eskuko bi behatz (adarrenak) etenik gabe altxata izango dituztelako euren gaueko kontzertuan. Metalzale (batzuk gau batez) sutsuak izango dituzte alboan musikariek, giroa pil-pilean izan dutelako egun osoan zehar herrian, eta iluntzearekin bat azalera atera dutelako euren alderik basatiena.
Baina harira. Desafioan euren elastiko zuri, urdin, gorri eta berdeekin neurtu dira San Pedron Biziko lau taldeak: Goikuak, Salbiokuak, Torrekuak eta Ongi Etorriyak. Morezkoak ere, nola ez, bazeuden: antolatzaileak. Batzuek ahal bezala, eta gehienek trebezia handiz egin diete aurre planteatutako erronka txiki eta probei. Iaiotasunak iaiotasun, ondorio bat: irabazlea edozein izanda ere, ezin giro hobeagorik izan larunbat arratsalde batez, gainera, herritarren parte hartze aktiboarekin, eta belaunaldien arteko nahastura erakargarri eta eredugarriarekin. Ederra izan da desafioa.
Bihar bukatuko dira San Pedroko 2022ko jaiak. Jarraian, gaurko azken orduetako, eta biharko egitarauak (beherago gaurko irudien galeria).
Gaurko (larunbata) egitaraua
- 21:00. Herri afaria kaian.
- Ondoren. Andoni Ollokiegiren kantaldia.
- 23:00. Asgarth eta Herdoil taldeen kontzertua kaian.
Biharko (igandea) egitaraua
- 12:00 Helduen inude eta artzainak.
- Ondoren. Vermutekea Boteron.
- 17:00. Buruhandien irteera dultzaineroekin.
- 17:00. Helduen eskuzko pilotako finala pilotalekuan.
- 21:00. Erromeria pilotalekuan, Modestorekin.
- 22:45. Zezentxoak.
- 23:00. Zezen suzkoa.
Jarraian, Porrusalda Txarangaren eta San Pedron Bizi desafioaren hainbat argazki.