Gazteek programa propioa izango dute Karmengo jaietan
Eskubidean planaren baitan, udalak gazteei ahotsa eta iritzia hartzeko aukera eman die. Hala, gazteek haien programa osatu dute jaiei begira.
Trintxerpeko gazteak, Jai Batzordearen bileraren atarian. Asteburuan Karmengo jaiak ospatuko dituzte Trintxerpen. Hori horrela, udalak tartea eskaini die nerabeei. Zehatz mehatz, DBHko hirugarren mailako ikasleak gonbidatu zituen Jai Batzordearen bilera batera, eta haien interesei egokituta, nerabeentzako programa bat sortzea. Eskubidean planaren baitan, gazteei haien interesekoak diren gaiak jorratzeko aukera luzatu zitzaien, eta aurten jaiena aukeratu dute.
Hori horrela, hamabi eta hamasei arteko gazteek zenbait ekimenetan parte hartuko dute datozen egunotan: besteak beste, kirol txapelketa (futbola eta saskibaloia), Holly festa, edota Oihan Vega Gaztea irratiko Djarekin batera ospatuko dituzte Karmengo jaiak.
Hortaz gain, azken egunotan Jai Batzordeko kideak eta funtzionatzeko era ezagutzeko aukera izan dute gazteek. Aurrekontuak nola osatzen diren ere aztertu dute.
