Hainbat eraso salatu dituzte Antxoko san ferminetan
Harremantxo Antxoko talde feministak eta Itaia emakume sozialisten antolakundeak hainbat eraso matxista eta homofobo salatu dituzte.
Atzo, hilak 10, Pasai Antxoko San Fermin jaiak amaitu ziren. Lau egunetan zehar ondo pasatzeko unea izan den arren, alde iluna ere izan dute jaiek. Harremantxo Pasai Antxoko talde feministak eta Itaia emakume sozialisten antolakundeak salatu eran, orotariko erasoak egin dituzte egunotan, sei gutxienez.
Harremantxok Topagunea gune hurbilekoan bizitako erasoetan jarri du arreta. Izan ere, emakume taldearen arabera, printzipioz gertukoa eta segurua izan behar lukeen eremuan erasoak pairatu zituzten hainbat emakumek, eta hori dela eta, protokoloa aktibatu behar izan zuten taldeko kideek. Gainera, urrutira joan gabe, erasotzaileetako zenbait inguruko jendea izan zela azpimarratu dute. Harremantxok “erasorik ez lema modu erosoan esateari utz diezaiotela” eskatu die, baita haien praktikak “errebisa ditzatela”.
Itaiak, ordea, jai eredu kapitalistaren eremuan jarrera matxistak areagotzen direla salatu du. Ideologia matxista norma kultural izanik, gizonezkoek emakumezkoak gailentasun eta inpunitate osoz erasotzen dituztela mahaigaineratu dute. Honakoa egiturazko indarkeria denez, “figura erasotzaileei aurre egiteaz gain, berau betikotzen duen egiturazko oinarria borrokatzea” ezinbestekotzat jo dute. Errealitate soziala osotasunean gainditzera egin dute dei, baita edonolako erasok tokirik izango ez duen gizartea, sozialismoa, eraikitzera ere.
Bi taldeek elkartasuna eta babesa eskaini diete erasotu eta ingurukoei.