[Elkarrizketa] "Herri batek bere burua elikatzeko gai izan behar luke"
Duela zazpi urte inguru hasi zen Elika kooperatibaren hazia ernatzen. Orain, egonkorturik daude eta proiektua handitzeko xedea dutela adierazi du oiartzuarrak.
Noiz eta nola hasi zineten Elika kooperatibarekin?
Oiartzunen hitzaldi batzuk antolatu ziren eta hitzaldi horietara joaten zirenak ohartu ziren antzeko asmoak zituzten jendea zirela. Beraz, zerbait alternatiboa egitea pentsatu zuten. Oiartzungo lurrak onak dira, beraz, baratzeari eta nekazaritzari bultzada ematea erabaki zten. Ondoren, nigana jo zuten. Harrituta gelditu nintzen, ez bainuen uste baratzetik bizi zitekeenik, niretzat utopikoa zen, baina aurrera egin genuen eta gaur arte. Bost urte eta erdi daramatzagu hemen.
Zenbat langile zarete?
Langileak aurkitzeko arazoak eduki ditugu hasieratik. Langile asko ibili dira eta asko joan dira. Oraintxe bertan, Alba [Chavez], nire ama [Arantxa Zapirain] eta ni neu gaude hemen. Guztia oso ongi antolatuta daukagu, oso ongi dakigu bakoitzak zer egin behar duen.
Nolakoa izan zen hasiera?
Guztia momentuan aukeratzen genuen, inprobisatuz. Hasi nintzenean ez neukan ideiarik ere. Besteak beste, negutegiak jarri behar ziren eta nik ez nuen negutegi bat ukitu nire bizitzan. Orduan, Nafarroara joan ginen, bigarren eskuko berotegiak erosi genituen, Youtube jarri eta halaxe eraiki genituen. Ez genekien ongi egiten ari ginen ala ez, baina oraindik hantxe jarraitzen dute. Hasiera eromena izan zen. Hektarea bakarra dugu hemen, baina lur zati bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu eta pixkanaka joan gara ezagutzen; oraindik ere ikasten ari gara. Baserri girotik heldu naiz eta pentsatzen nuen ideia pixka bat banuela kontu hauetan, gero konturatu nintzen ez nekiela deus ere.
Nola definituko zenuke Elika?
Proiektu alternatibo bat da. Hemen, langilea da zentroa, langilea da hemen egon behar duena, langilea da egitasmoa aurrera atera behar duena. Gainera, ona daukana da kooperatiba bat dela, hau da, babes handia daukagula atzetik. Nahiz eta ardura handiena guk eduki, edozer gertatuz gero atzean babesa dagoela jakitea oso lasaigarria da.
Zer du berezi Elikak?
Proiektu guztiz iraunkorra dela. Ikusten dugu orain erregaiak eta elektrizitatea igo direla; guk hemen, ordea, ez dugu deus ere, argi eta gasolina pixka bat eta kito. Mundu guztiak prezioak igo dituen honetan saiatu gara ez igotzen, nahiz eta zer edo zer igo ditugun kontu zehatz batzuetan. Zergatik? Bada, gure gastuak ez direlako handiak. Eduki genitzake negutegiak berogailuekin eta argiarekin, baina hori ez da iraunkorra. Horrez gain, hemen dena aprobetxatzen da, ez da ezer botatzen. Gainera, jendeak asko lagundu gaitu. Udan, adibidez, asteburu batzuk jai har ditzagun jendea etortzen da lan egitera gure ordez. Izan daiteke saskia hartzen duen lagunen bat, edo kooperatibistaren bat. Ezin daiteke uzta galdu, horregatik, askotan, igandetan ere etortzen naiz produktuak biltzera, baina gustura egiten dut.
Nekazaritza bizitza estilo bat da; gustatu egin behar zaizu, bestela, ez duzu ezer egiterik. Nire pentsamenduan ez du balio lanera joatea zortzi orduz sufritzera eta gero irtetean disfrutatzea, edo urtean hiru asteko oporrez disfrutatzea. Oso denbora gutxi da hori ondo egoteko. Lanean ere ondo egon behar duzu, egunean zortzi orduz triste egotea, nahiz asko kobratu, pobrea izatea da. Guk hemen ondo pasatzen dugu, lan giro bikainean aritzen gara. Egia da asko lotzen zaituela lan honek, baina hemen ez dago jeferik. Ezin badut etorri, egin behar dudan bakarra da amarekin edo Albarekin adostu, ez da inoiz arazorik egoten. Horrelako gauzak oso garrantzitsuak dira.
Zergatik ekologikoa?
Uste dugulako horrela izan behar duela. Produktu kimikoek landareak, animaliak eta lurra hiltzen dituzte. Ekologiko hitza ere desitxuratuta dagoela uste dut. Orain ekologikoa izan daiteke Andaluziako letxuga bat; baina kamioi batean gasolina mordoa gastatuz etorri baldin bada, niretzat ez da ekologikoa. Baratze bat dena plastikoz beteta, niretzat ez da ekologikoa. Enpresa handiek ikusi dute izen horren atzean dirua dagoela eta hitzaren esanahia aldatu da.
Nondik lortzen dituzue haziak edo landareak?
Landare gehienak guk egiten ditugu hazitik, eta gainerakoak Nafarroatik ekartzen ditugu. Tomatea, leka, ilarra, kalabaza, kalabazina… etxekoak dira. Ekonomikoki ere abantaila handia da hazitik landareak sortzea.
Nolako ibilbidea izan duzue?
Aurreneko bi urteak oso gogorrak izan ziren, ez dakizulako ezer eta gauza asko egin behar zirelako. Ez dakizu zenbat landare jarri, noiz, nola, gaizki ateratzen dira gauzak, ordu pila bat… Zortea izan genuen, adibidez, Laborerekin. Izan ere, lasaitasuna ematen du eskaera kopuru finko bat edukitzeak. Gainera, Laborek nekazariak ulertzen ditu, hau da, nekazaritza ez da piezak egiten dituen fabrika bat, edozer gauza gerta daiteke eta dena pikutara joan daiteke. Aurreko asteetako beroarekin, esaterako, letxuga pila bat izorratu zaizkigu; guztiak behientzat izango dira. Baina, aldi berean, landare batentzat ikaragarri txarra dena beste batentzat bikaina da.
Orain hasi behar banu ez nintzateke horrela hasiko. Hobeto prestatuko nuke guztia, batez ere, zer material eta erreminta erabili. Oroitzen naiz, hasi ginenean, nire amak eta biok etxetik ekartzen genuela egunero-egunero karretilarekin aitzur parea, ez genuen dirua ezta horretarako ere. Hasiera oso prekarioa izan zen, baina bagenekien horrela izango zela. Hirugarren urtean hasi ginen ikusten emaitza onak. Urteek egiten dutena da antolaketa hobetzea eta lana erraztea.
Errotuta dagoen ustea da lehen sektoretik ezin daitekeela bizi. Egia al da?
Ez, bizi daiteke. Abereen esparruan ez dakit, baina hemen ikusi dugu baietz, oso justu, baina bai. Askotan amorrazioa ematen dit ikustea jendearengandik dugun erantzuna. Saskiekin itxaron-zerrenda daukagu, Laboreren laguntza, udaletxeak ere laguntzen digu; eta hala ere, oso justu ailegatzen gara. Hemen hasi aurretik baratze ugari bisitatu nituen, eta horiek guztiek ez dute segitzen, hain zuzen, bakarrik daudelako, instituzioek ez dutelako asko laguntzen.
Garrantzitsua al da lehen sektoreko jarduerak herrian edukitzea?
Herri batek bere burua elikatzeko gai izan behar luke. Asko hitz egiten da, adibidez, aldaketa-klimatikoaren inguruan. Herrian produzitzen baldin baduzu, oso energia gutxi behar duzu hori banatzeko. Ez duzu garraiobiderik behar, ez duzu izozkailurik behar… Guztia garestitzen ari da, eta gora jarraituko du, baina zer gertatuko da baliabideak amaitzean? Argi dago bidea hau dela, herrian proiektuak egitea eta herriaren babesa edukitzea.
Baratzearekiko ikuspuntua aldatu al dizu proiektu honek? Zein da egun duzun iritzia?
Ni ez nintzen hasi hemen baratzeagatik, baizik eta balioengatik. Orain, berriz, baratzea niretzat gauzak zaintzea da, hazitik fruituraino. Ongi ateratzen denean sekulako poza ematen du. Baina azken fruitua biltzea baino gehiago gustatzen zait bidea, fruitua soilik bidearen amaiera da. Baratzeak beti ematen du ematen diozuna baino gehiago.
Zer esango zenuke ematen duela baratzea edukitzeak?
Niretzako baratzea bizitza da, haziak egiten duen bidea bizitza da. Horrez gain, natura ezagutzen duzu, izurriteak, landareak… Era berean, oso polita da zure lanaren emaitza ikusi egiten duzulako; hau da, edozein lanetan, lana gogoz egiten dugunean bederen, nahi duguna izaten da lan horren ondorioa ikustea. Hemen hori ikusi egiten da.
Heldu diren urteen itxura ikusita, baratzeen eta lehen sektorearen garrantzia handituko direla uste al duzu?
Niri iruditzen zait sekulako kolpea etorriko dela, ikaragarria. Ikusten dut prezioen igoera, gasolina, argia… eta soldatak ez dira igotzen. Nik uste denborarekin begiak irekiko ditugula, esperantza hori dut. Baina jendea oso lasai ikusten dut, orain dela hamar urte bezala, furgoneta bat erosten… Gure gisako jende arruntak asko sufrituko duela iruditzen zait. Orain oso ongi bizi gara. Gure bizi maila hau beste batzuen bizi-maila negargarriak sustengatzen du, gure lanak ez dute gure kontsumoaren laurdena ere ahalbidetzen.
Bestalde, jendeak asko aprobetxatu du egungo egoera negozioa egiteko. Badirudi prezio ororen igoera justifikaturik dagoela, Ukrainako gatazkagatik edo… Gainera, nekazariei ez zaie behar bezala ordaintzen. Nor hasiko da esnea edo olioa produzitzen, ez badiete ordaintzen ezta produkzio-kostuei aurre egiteko adina ere?
Zer funtzio eduki beharko lukete baratzeek jendartean?
Herria elikatzeko izan behar lukete. Eta baratzeez gain, bestelako gauzek ere hala izan behar lukete. Herriak egin behar du bere kontsumoaren kargu. Adibidez, zaborra. Gure zaborra da eta guk kudeatu behar dugu, ez dugu Afrikara bidali behar. Erdi-erdian jarri behar genuke, bista-bistan, horrela, agian, kontzientzia pixka bat hartuko genuke.
Bete al duzue hasi zineteneko zuen helburua?
Nire helburua ez da gauden lekuan geratzea. Niri gustatuko litzaidake gazteek horrelako proiektuetan parte hartzea eta Oiartzunen baratze gehiago egotea, herria elikatzeko. Gure buruan handitzea dago, beste pauso bat ematea.
Nola lor daitezke Elika kooperatibaren produktuak?
Hemen bertan, Iturriotz auzoan; Laboren ere eskura daitezke; eta saskien bitartez. Oraintxe bertan, itxaron-zerrenda daukagu saskiekin, 44 saski egiten ditugu astean, txikia 30 eurokoa eta handia 50ekoa.