Energia burujabetza antolatzen
Energia gehiena erosi egiten da, eta horri aurre egiteko energia subiranotasuna garatzeko energia komunitateak sortzen ari dira Oiartzunen eta Errenteria-Oreretan; Lezon eskaera egin dute.
Euskal Herrian kontsumitzen den energiaren %90tik gora kanpoan erosi egiten da Goienerren arabera. Energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatiba da Goiener. Ondoriozta daiteke energia subiranotasuna urrun duen gizarte bat dela euskalduna. Europan energia berdeen eta berriztagarrien aldeko politikak onartzen ari dira, eta ereduetako bat energia komunitateak sortzea litzateke.
2018. eta 2019. urteetan Europako zuzentarauek energia komunitate eta hiritarren energia komunitateak zer diren definitu zuten, esanaz entitate juridikoak direla komunitate horiek, pertsona fisiko juridiko, publiko eta pribatuak elkarlanean dabiltzanak energia berriztagarrien bueltan proiektuak sortzen, onura sozial eta ekonomikoak garatzen, eta ingurumena zaintzen. Entitate juridiko horiek elkarte bat edo kooperatiba bat izatea proposatzen du Europak, irabazi asmorik gabekoa.
Goiener komunitate horiek sortzeko laguntza eskaintzen ari da horretarako taldeak sortu diren udalerrietan. Haiek kooperatiba ereduen alde egiten dute, Oier Etxeberria Goienerreko energia komunitateen sustatzaileak azaldu duenez. «Demokrazia eta ahalduntzea kooperatiba batek askoz modu hobean egiten du». Bestela, orain arteko ereduaren jarraipen bat litzateke komunitatea zeinetan kooperatiba bai, baina enpresa handi batekin lotuta egotearen truke funtzionatuko lukeen. Herri mailan antolatzen ari dira bai Hernanin, Oiartzunen edota Errenteria-Oreretan esate baterako. Talde horietan, herritarrak, ostalariak, elkarteak, enpresa txiki eta ertainak eta udal ordezkariak daude. Proposamen hori denentzako dela nabarmendu du Etxeberriak. «Zaurgarrienentzat, arazo ekonomikoak dituztenentzat… Europako zuzentarauak dio hori hala izan dadin herritarrek sortu behar dituztela komunitateak, herriarentzat». Norberak bere energia sortzen duenean, horren kostua zenbatekoa den konturatzen dela, eta beste ardura batekin jokatzen dela azaldu du Goienerrekoak, herritarrak erdigunean egotearen defentsan.
Komunitateak eraikitzen
Oarsoaldean Oiartzun eta Errenteria- Oreretan dabiltza udalaren eta Goienerren laguntzarekin komunitate horiek eratzen. Errenteria-Oreretan iazko urrian hasi ziren, eta urtebetera iristean urrats sendoak emango dituztela aurreratu dute. Aldiz, Agustin Lekuona Oiartzungo Hirigintza zinegotziak azaldu du haren herrian hasi berri direla, herritarrak antolatu zirela lehenik, eta orduan udalak bat egin zuela asmoarekin: «Burujabetza energetikoa eta iraunkorra da helburua».
Bilera bat egin eta gero mahai bat sortu dute Oiartzunen, eta hainbat proiekturi ekitea aurreikusi dute. Izan ere, komunitate horiek energia berriztagarriak sortzeaz gain, horrekin lotutako edozein jarduera piztea da asmoa Goienerreko Etxeberriak azaldu duenez: «Hitz egiten denean autokontsumo partekatuaz jendea nahastu egiten da, esanez eguzki plaka batzuk denentzat jartzea dela energia komunitate bat. Guk esaten dugu energia komunitateak egin dezakeen gauzetako bat dela hori. Aholkularitza energetikoa, auto partekatuak, energia kargatzeko puntuak… Hori ere bada komunitatean lan egitea. Energia berriztagarriekin zerikusia duen edozein jarduera litzateke komunitatearen txapel azpia».
Ildo horretan, Lekuona Oiartzungo zinegotziak azaldu du Frantziako herri batean egurrezko piletak [biomasako energia kontsumitzen dituzten galderetako pieza bat] sortzeko kooperatiba bat sortu dutela, eta ekonomia zirkularraren parte dela: egurra bertako basoetatik erosten dute. «Horrelako proiektuak atera daitezke, baina oraindik Oiartzunek zein aukera dauzkan aztertu behar da». Dena den, oraingoz oztopoak badituztela esan du, horiek zerk eragiten dituen argi ez dutela: «Esate baterako, energia sortzen den lekutik 500 metrotara bana daiteke gehienez. Ez dakigu nora iritsiko garen, gai honetan boom-a dago. Hasteko ea proiektu bat egitea lortzen dugun, eta poliki-poliki giro bat sortzen den. Gure ohituretan aldaketa bat ekarri behar du honek, eta hori ezin da egun batetik bestera egin».
Behin proiektua zehaztuta eta kooperatiba eratuko dela erabakita, herrietan lantaldeetan banatzen dira. Goienerrek hiru talde proposatzen ditu: juridiko administratiboa; proiektuen lantaldea; eta komunikaziokoa. Lehenengoak bideragarriak diren proiektuak aztertzeaz arduratuko dira, eta horiek kooperatiban nola landuko diren ikertuko dute. Proiektuaren erantzuleek ideiak proposatuko dituzte, kontseilu errektoreak erabakiak hartu baino lehen. Komunikazioan arituko direnak komunitateari eusten arituko dira, hau da, lantaldeak bizirik segi dezan lan egingo dute. Horretarako, metodologiak garatu eta kooperatiba prest dagoenean herrian zabalduko dute. Esate baterako, Errenteria-Oreretan azken fase horretan sartuko dira urrian, Etxeberriaren hitzetan urtebete behar baita kaleratzeko.
Lezoren kasuan urrun daude errealitate horretatik. Iratzerriko kide Jokin Susperregik dio Lezoko Udalarekin harremanetan jarri direla komunitatea sortzeko lanketa abian jar dezaten, udal erakundearen inplikazioa gakoa dela pentsatzen baitu. «Inplikazioa ez da beharrezkoa hasierako diru horregatik bakarrik, baizik eta baliabide gehienak udaletxeak dituelako». Iratzerri Lezoko Udalari urratsak egiteko eskatu dio, eta energia komunitateena gutxienez asmoen zerrendan sar dezala eskatu diote. Bitartean, bultzada emate aldera, taldeak txosten bat idatzi du udalaren eraikinak aztertu eta gero, noizbait mahai bat eratuz gero zein baliabide edo aukera dauden aurreratua izateko. «Estimazio batzuk egin genituen eta udalari eskatu genion 2021. urte bukaeran proposamen bat gara zezatela, partidaren bat bideratzeko energia komunitate bat sustatzeko. Horretarako Goienerrek eskatzen duenaren aurrekontuan oinarritu gara. Iratzerri laguntzeko prest dago».
Mahaia garatu artean, autokontsumo instalazio kolektiboak instalatzearen alde daude Iratzerrikoak. «Instalazio bat jartzen duzu puntu konkretu batean herrian, eta 500 metrotara etxebizitza bakoitzeko edonork kontsumi dezake hori. Ez duzu kable bat bota behar, kontratu mota bat da eta sinpleki fakturan murrizketa jasotzen da, edo ez bada momentuan kontsumitu konpentsatu egiten da». Autokontsumoaren eta enpresek emandako energiaren arteko oreka litzateke proposamen hori, subiranotasun osorako bideetako bat. Kontsumo horren parte direnek haien energia konpainiari jakinarazi behar diote. Ordaintzerakoan gastuaren jaitsiera asko nabaritzen dela zehaztu du Susperregik. «Bederen hori sustatzen hasi nahi dugu, ikusteko gauzak egingarriak direla».
Kontzientziazioa
Informatzen jarraitzea ere ezinbestekotzat jo du Iratzerrik. Mikel Otero legebiltzarkideak (EH Bildu) ekainaren 14ko larrialdi klimatiko eta energia krisiari buruzko hitzaldian esandakoak gogorarazi ditu. «Oteroren esanetan larria ez, hurrengoa da datorkiguna. Energia garestitzen ari den bezala, gehiago garestituko da. Energia berriztagarrien gaia asko entzungo dugu». Oro har, gizartea ez dela kontziente horretaz dio Susperregik. «Jendea lo dagoela uste dugu. Fakturak irakurtzen ikasteko mahaia kalean jarri izan dugunean etorri izan da jendea, baina ez du kasu gehiegirik egiten». Gioenerreko Etxeberriak bat egin du Susperregiren hitzekin, eta gizartean ezjakintasun handia dagoela uste du. Energia gutxiagorekin ere bizi daitekeenaren mezua asko zabaltzen ari dela dio Goienerreko kideak, eta askok hori dagoeneko garbi duten arren, beste askok lehen aldiz entzun dutela energia gehiegi kontsumitzen ari direla azaleratu du.
Iratzerrikoek identifikatuta dituzte komunitate bat sortuz gero nortzuk izango ziren kideak, baina oraindik gehiago kontzientziatzea falta dela iritzi dute. «Nahiz eta garraiolariek grebak egin, garestitzea berdin-berdin dator eskaintza eskaera kontua delako. Ez dago hainbeste gasolina eta hurrengo urtean hornidura faltako da. Elikagaien krisia ere iritsiko da». Kezka piztu behar dela, eta gaia ez dela hain urrunekoa zabaltzen saiatzen ari direla adierazi du. Eredu gisa jarri du Susperregik Alemanian duten beldurra Errusiak gasa mozten baldin badie, atzerapen ekonomikoa aurreikusten baitute, baita dependentzia ere. «Etxeetan bezala, gasa industria askotan behar da». Horren aurrean, negu honetan Euskal Herrian gasaren kontsumoarekin murrizketak izango direla uste du Iratzerrikoak, «2022ko negu honetan agian esango digute berogailua ez dakit zenbat gradura jarri beharko dugula, edo enpresa batzuk itxi egin beharko dutela ezin dutelako kontsumitu. Egoera oso larria da jakinda energia gehiena erosi egiten dugula».
Garrantzia faltaren beste adibideetako bat da diru laguntzen gardentasun falta. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak diru laguntzak eskaintzen dituzte energia planak sustatzeko, baina Oiartzungo zinegotzi Lekuonak dio ez dagoela oso argi zertarako diren laguntza horiek. Oiartzun eta Errenteria-Oreretaren kasuetan Oarsoaldea Garapen Agentziarekin ari dira lanean diru hori aprobetxatzeko, baina, oraingoz, Oiartzunen, Europako Next Generation funtsak erabiliko dituzte Goienerren gidaritza ordaintzeko. Beste herri batzuetan instalakuntzak egiteko baliatuko dituzte laguntza horiek, Lekuonaren esanetan.
Etxeberriak azaldu du iraunkortasun legea garatu duela Eusko Jaurlaritzak, eta era berean, 2030era begira bete behar duten lege bat martxan jarri dutela, «helburu nahiko txukunak ditu». Hala ere, herritarrentzat laguntzak martxan jarrita, babesa egon badagoela, baina bultzada handirik ez dagoela deitoratu du energia komunitateen sustatzaileak. «Aldiz, goitik behera egituratuta funtzionatzen dutenentzako bultzada handiagoa dago, guk proposatzen dugunerako baino». Diru laguntza horiek eskatzen ari direla adierazi du Etxeberriak baina herritarrek herritarrentzat sortutako proiektuentzat ez direla iritzi du. «Enpresa handiak sustatzen dituztenentzako diru laguntza berbera eskaintzen dute, ez dago diskriminazio positibo handirik». Dena den, komunitate energetikoen erronka nagusia ez da energia, komunitatea sortzea baizik. Bizirauteko eta hainbat arazori erantzuteko beharrezkoa izango baita.