Herriarteko finalean da Oiartzun
Finalerdian Gasteiz menderatuta, datorren asteburuan lehiatuko da Markina Xemeinen aurka. Autobusak antolatuko ditu Oiarpek.
Oiartzun Euskal Herriko Eskuz Binakako Herriarteko Txapelketaren finalera sailkatu da. Finalerdia Gasteizen aurka jokatu zuen, Zumarragako Beloki pilotalekuan: kadete eta jubenilek haien norgehiagokak irabazita, nagusien partida ez zen erabakigarria izan.
Oihan Etxeberria eta Xabat Olaiz oiartzuarrek 0-22 irabazi zioten Palacios-Ormazabal bikote gasteiztarrari, Oiartzungo aurrelariak sakez hamabi tanto egin ostean. Jubeniletan, ordea, Oier Zabaleta eta Unax Landak gogor egin behar izan zuten lan, arazo handiegirik izan ez bazuten ere; 10-22 gailendu ziren Ruiz-Alava bikotearen aurrean. Finalerdiari amaiera emateko, Egoitz Etxabe eta Ekaitz Salaberriak 22-7 galdu zuten Uribe eta Markaidaren aurka, baina Oiartzun finalean zegoen dagoeneko.
Orain, Euskal Herriko Herriarteko finala lehiatzea dagokio Oiartzuni. Datorren igandean, uztailaren 24an, Markina Xemeinen aurka arituko da. Goizeko 11:00etan hasiko dira norgehiagokak, Zumarragako Beloki pilotalekuan.
Oiarpe Kirol Elkarteak autobusak antolatu ditu Zumarragara bertaratzeko. Izena emateko, mezu bat bidali behar da 665 71 37 68 telefonora. Hamar euro balioko ditu joan-etorriak.