Orioko Kanpina IV. Bandera, San Pedrorentzat
Arraunean, asteburu oparoa izan da joan dena. Larunbatean Orion lehiaturiko estropadarekin, KAE1 Ligako buruzagitza egonkortu du 'Libia'-k.
Asteburu lanpetua izan dute arraunlariek eta arraun zaleek joan dena, KAE2koek izan ezik, gainontzeko kategoria guztietako traineruek lehiak izan baitituzte. Horien artean, Oarso Bidasoko ordezkariren bat dago, EuskoTrenen izan ezik (Hondarribia iaz jaitsi zen), beste maila guztietan.
Jarraian zehazten da asteburuko estropaden palmaresa, baina ezin da nabarmendu gabe utzi Hondarribiaren larunbateko gailentasuna, bitik bi bandera eskuratu baitzituzten Eusko Label Ligako gizonek nahiz ETEko emakumeek estropada horietan.
Eta gailendu beharrekoa, ezinbestean, Libiak etxera eraman zuela Orioko Kanpina IV. Bandera, eta azkenaldiko lan txukunagatik buru dira moreak KAE1en. Aldearekin, gainera, 75 puntu baitituzte moreek eta 68 bigarren doan Arkotek.
Eusko Label Liga
Hondarribia A da Oarso Bidasoko ordezkaria Eusko Label Ligan. Kategoria horretako ontziek hitzordu bikoitza izan dute, larunbat eta igandean, eta lehen jardunaldian Orioko Kanpina X. Bandera lortu zuen Ama Guadalupekoak. Igandean, XXXIX. Petronor Bandera egon zen jokoan Zierbenan; berdeek bigarren egin zuten orduko horretan, Amenabar Donostiarraren atzetik.
Gauzak horrela, sailkapen orokorrean bigarren dago gaur egun Hondarribia, donostiarrengandik bi puntura (64, 66).
ETE Liga
Larunbatean Marina Cudeyo Banderarengatik egin zuten arraun, Pedreñan, Hondarribiko eta Errenteria-Oreretako ordezkariek. Hondarribiak larunbata borobildu zuen horrela, izan ere, gizonen bide beretik, bandera eskuratu baitzuten Ama Guadalupeko emakumeek ere. Hibaikak hirugarren itxi zuen podiuma.
Azken lehiarekin, aurretik berdinduta zegoen palmaresean abantaila ateratzea lortu dute Bidasokoek. Hondarribia lehenengo da orain sailkapen orokorrean, eta bi puntu atzetik du Hibaika (57, 55).
KAE1 Liga
Larunbatean, KAE1eko arraunlariek hitzordua izan zuten Pedreñan Marina Cudeyo Banderagatik. Hamabi traineruren artean, bosgarren izan zen San Pedro, San Juan zortzigarren, eta Hondarribia B hamabigarren.
Igandean nabari hobe egin zuten Oarso Bidasoko ordezkariek. Orioko Kanpina IV. Bandera Libiarentzat izan baitzen, eta atzetik gelditu zen San Juan; Hondarribia, aldiz, bosgarren sailkatu zen.
Esandakoarekin, horrela dago sailkapen orokorra: San Pedro lehen, San Juan bosgarren eta atzetik, seigarren, Hondarribia.