Bilkideek haserrea adierazi dute Lezo eta Donibane arteko bidegorriagatik
Bi herrietako koalizioek salatu dute bukatu gabe jarraitzen duela bideak, eta arriskutsua izan daitekeela hori bizilagunentzat.
Lezoko eta Pasaiako EH Bildu udal taldeak “haserre eta kezkatuta” agertu dira bi herriak lotzen dituen bidegorriaren egoeragatik. Izan ere, aspaldi baitaramate koalizio horiek ez ezik, inguruko bizilagunek ere, bidearen azken zatia bukatu gabe dagoela salatzen.
Aste hasieran sinatu zuten bi udalerrietako alkateek bizikleten mailegu zerbitzuari buruzko hitzarmen bat, eta bilkideek iritzi diote “argazki soil batean” geratuko dela saiakera, bi udalburuek jakin badakitelako pasabideko obra egin gabe dagoela, eta aldundiak “erabat abandonaturik” duela. Egoera hori oinezkoentzat baina, bereziki, txirrindularientzat arriskutsua dela gaitzetsi dute.
Atzera begira
Urteak joan dira Gipuzkoako Foru Aldundiak Lezo eta Donibane lotzen dituen bidegorriaren lanen lehen zatia egin zuenetik. Lezoko Udalak, nahiz eta ardura lehen aginte organoarena izan, egindako zatiaren 189.600dik gora euro ordaindu zituen.
Donibanetik hurbilen dagoen zatiko lanek, garai bateko termikaren orubearen mugakide direnak, oraindik ez dute ez hasiera, ez bukaera datarik ere. Izan ere, aldundiak 2021eko eta 2022ko aurrekontuetan obra hori egiteko finantzaketa jaso bazuen ere, oraindik ez baita hasi.
Horiek horrela, Pasaiako eta Lezoko EH Bildu osatzen duten kideek Lurralde Antolaketako diputatuari, Rafaela Romerori (PSE-EE), eta bi herrietako alkateei eskatu diete “lehenbailehen lanean hasteko”, eta herritarrei agindu zieten bezala, 2022. urtea joan baino lehen obra hori martxan egon dadin.