Lorentxo Aiestaran Euskal Herriko espetxe batera hurbilduko dute
Espainiako Gobernuko Espetxe Zuzendaritzak lezoarra eta beste hamar euskal preso Euskal Herrira hurbiltzeko erabakiaren berri eman du.
Espainiako Gobernuaren Espetxe Zuzendaritzak gaur iragarri du Lorentxo Aiestaran Fanekas euskal preso lezoarra Soriako espetxetik Euskal Herriko batera hurbilduko dutela. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak erabaki beharko du Aiestaran Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zein espetxetara eramango duten, Basaurikora (Bizkaia), Zaballakora (Araba) edo Martutenekora alegia. 2021eko apirilean Alacanteko espetxetik, Soriakora mugitu zuten.
Urte luzez iheslari izan ondoren, 2015eko otsailaren 17tik dago preso lezoarra, 30 urteko zigorra betetzen, ETAko kide izan eta hainbat ekintza leporatuta. 2031ean beteko ditu kondena osoaren hiru laurdenak.
Lezoarrarekin batera, beste hamar presoren lekualdatzea iragarri du Espetxe Zuzendaritzak, zortzi EAEko presondegietara, eta beste biak Iruñekora.