[Elkarrizketa] «Ziztadan jartzen ari dira fokua, hori den eraso matxistan beharrean»
Ziztadek sor dezaketen sumisio kimikoaz harago, ekintzaren egiazko muina hartu behar dela ahotan esan du pasaitarrak (1994): eraso matxista. Patriarkatua suntsitzeko giltza ikastetxeetan dagoela uste du.
Indarkeria matxistaren beste metodo bat al da ziztadena?
Azken aldian, gai honi lotuta, asko ari da hitz egiten sumisio kimikoari buruz, eta ahazten da aipatzea, zenbaitetan, ekintza hori bera zer den: emakumeon oinarrizko eskubideen urraketa bat. Hori alboratzeak begirada desbideratzea dakar; benetako arazoa, indarkeria matxista, alde batera uztea.
Etxetik irteteko indartzen ari den beldurra emakumeongan soilik ari da ematen beste behin, eta ez gizonengan; haiek lasai jarraitzen dute kalera irteten, eta emakumea etengabeko alerta egoeran dago. Hori jakinda, zuzenean lotu ditzakegu ziztadak indarkeria matxistarekin.
‘Ez etorri bakarrik etxera’, ‘ez heldu berandu’, ‘idatzi iristen zarenean’… egunerokoak dira mezu horiek emakumeon artean, eta pentsaezina zaigu alderantziz egitea. Alegia, gizonari esan ‘ez ote zaizue otuko emakumeren bat bortxatzea!’, edota ‘etxera heldu zara? Ez zenuen, bada, emakumerik jazarriko gaur gauean, ezta?’. Komentario horiek, emakumeok hain naturalki barneratuta ditugunak guztiz ridikuluak bihurtzen dira gizonengana zuzenduta imajinatzean.
Osasun alorreko zenbait aditu jendaurrean atera dira esanez sumisio kimikorik ez dela eman gehienetan. Hori ez da, ordea, arazoaren muina, ezta?
Diskurtso hori orokortzen ari diren adituak lortzen ari direna da kriminalizazioa, alegia, ekintza edo erasoa bera, xiringa horren barruan egon daitekeen drogan ezartzea, fokua kenduta erasotzailea egikaritzen ari den ekintzan. Sumisio kimikoa aipatzen ari dira, kontu honen guztiaren oinarrian dagoen indarkeria matxista aipatu gabe. Horrekin, emakumearen hitza despolitizatzen ari dira, esanez, ‘lasai, ez da sumisio kimikorik egon’. Baina beste asko badago, ezta? Gure kideen testigantzak, salaketak, baditugu, ezta? Baina ziztadan jartzen dute fokua, hori den eraso matxistan eta eraso perbertsoan beharrean.
Funtsezkoa da erabiltzen dugun hizkuntza zaintzea, eta horren gain sortzen diren diskurtsoak errebisatzea. Ezinbestekoa da, kontaketa eraikitzeko, oinarrian jartzea biztanle zaurgarrienok sufritzen ditugun biolentziak.
Eztabaida birformulatu behar da.
Zalantzarik gabe. Sumisio kimikorik ez egoteak ez du esan nahi ziztadarik ez dagoenik eta, beraz, indarkeria matxistarik ez dagoenik. Hori argi utzi behar da.
Gizonaren ekintza horretan enfokatu behar da auzia, eta ez emakumeon autozainketan. Eta noski, azken hori ere ezinbestekoa da, eta funtsezkoa da autodefentsa feminista eta gu saretzea, baina kanpainak gizonen sentsibilizazioari begira joan behar du; guk badakigu zer den hau, etengabe pairatzen dugu.
Nondik hasi behar da ekiten?
Ez dut ikusten hezkuntza baino soluzio errealagorik. Oso garrantzitsua da, aldi berean, gaur egungo belaunaldiekin esku-hartzea, hausnartzea nondik gatozen, patriarkatuaren kultura hau deseraikitzea… hor lan handia dago.
Baina belaunaldi berriekin ikusten dudan irtenbide bakarra hezkuntza da. Hezkuntza feminista, inteligentzia emozionalean eta sexu-heziketan oinarriturikoa; dena doa eskutik. Ezinbestekoa da txikitatik errespetua, berdintasuna, enpatia eta autokontrola barneratzea.
Nola egin dezakete hori, dituzten baliabide soilekin, hezkuntza zentroek?
Gehiago behar da. Ikastetxeetan baditugu irakasleak, zuzendaritza, orientatzaileren bat agian… eta bakoitzak bere funtzioak ditu. Ez dago gizarte langile bat gazteekin esku-hartzeko, ez dago kriminologo bat prebentzio planak diseinatzeko. Irakasleak nahiko gainezka egon ohi dira, jada, ikasleak hezkuntza arloan prestatzearekin, ezin dute protokolo bat ere sortu. Hori gizarte langile batek egin beharko luke, ekipo tekniko bat beharko luke ikasle-irakasle-guraso sarea akonpainatzeko, emergentzia protokolo bat aktibatu behar denean hura identifikatu eta martxan jartzeko.
Irakasleek, askotan, lan bikoitza egin behar dute, bi figura ezberdinena, eta hori ezinezkoa da. Beharrezkoa da ikastetxe bakoitzaren barruan ekipo tekniko bat sortzea, hezkuntza taldeaz gain, prebentzioa landu eta hezkuntza hori ahalik eta osoena izan dadin. Hori bermatzeak instituzio publikoen oinarrizko betebeharretako bat beharko luke.
Eta norbanakooi zer dagokigu?
Ardura hartu eta mugak jarri. Denok ezagutzen dugu eraso matxista jasan duen emakumerik, inguruan ditugu, gutako gehienok konta ditzakegu gure bizipenak. Baina erasotzaileen inguruan isiltasun handia dago; badirudi ez direla existitzen, eta gutxiago gure inguruan.
Oso zaila da erasotzailea gertuko dugunean seinalatzea, arduraz jokatzea. Baina funtsezkoa da espazio seguruak eraikitzea gure artean, argi izan behar dugulako biktimak erasoren bat jasan duenean ez dela sekula salbu sentituko, hori kontatzeko sentitzen baldin badu inguratzen duen lagunarteak erasotzaile baten ekintzak defendatzen dituela.