Lartaun abesbatzak kontzertua eskainiko du larunbatean
Abesbatza oiartzuarra kantuan ariko da larunbatean, 20:00etan, Madalenaren basilikan. Emanaldi horrek abesbatzaren 2022-2023 denboraldia irekiko du.
Larunbatean, hilak 10, 20:00etan, Oiartzungo Lartaun abesbatzak kontzertua eskainiko du Madalenaren basilikan. Kontzertu horrek abesbatzaren 2022-2023 denboraldiari hasiera emango dio.
Lartaun abesbatza Jon Oñatibiak sortu zuen 1964an. Oñatibia buru zuelarik, herrian eta inguruan musika ezagutarazten ahalegindu zen abesbatza. Sortzailea hil ondoren, taldeak aurrera egin zuen zuzendari berrien eskutik. 2009. urtetik Maddalen Dorronsoro da abesbatzaren zuzendaria. Dorronsoro ezaguna da Errenteria-Oreretan, Landarbaso abesbatzan aritzeaz gain, 2016tik Landarbasoko Dizdizka eta Kontari abesbatzen arduraduna baita.
Lartaun abesbatzaren helburu nagusia kantu korala zabaltzea da, jendartean musika zaletasuna eta elkarbizitza sustatzeko. Lartaunen historian euskal folkloreko eta maitasunezko abestiak garrantzitsuak izan dira, eta larunbateko emanaldia bi estilo horietan oinarritua egongo da.
Kontzertua Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteak antolatu du, eta herritar guztiei emanaldira bertaratzeko gonbidapena luzatu diete.