Hemen dira Lezoko santakrutzak
Bi urteko etenaldi derrigortuaren ondoren, bueltan dira Lezoko jaiak 61 ekintzarekin. Hilaren 13tik 18ra izango dira.
Bi urteko etenaldi derrigortuaren ondoren, bueltan dira Lezoko santakrutzak. Aurtengo jaiak hilaren 13tik 18ra izango dira, asteartetik igandera, eta gaur goizean aurkeztu dituzte Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak eta Xanti Val Kultura teknikariak.
Jaiak irauten duten denboran, 61 ekintzaz osatutako “programa berezi bat” prestatu dutela azaldu du Xanti Valek. Horrez gain, 2019ko jaiekin alderatuz gero, jaien aurrekontua %43an igoko dutela zehaztu dute udal ordezkariek.
Antolatu dituzten 61 ekintza horien artean, batzuk ohikoak dira; esaterako, danborrada, marmitako txapelketa edo desfilea. “Ekitaldi handiak dira, eta gure tradizioan oso garrantzitsuak bihurtu dira”, zehaztu du Valek.
Horrez gain, haurrei zuzendutako jarduera ugari bideratu dituzte; hala nola, puzgarriak, apar jolasak edo buruhandiak. Musika emanaldiek ere euren txokoa izango dute, eta hilaren 13an, 14an, 16an eta 17an izaera ezberdineko kontzertuak eta DJak antolatu dituzte. Programaren barruan ere dantza emanaldiak, bazkari ezberdinak, gastronomiari lotutako lehiaketak edo antzerkiak aurkituko dituzte lezoarrek.
Bukatzeko, jaiak harmonian, giro onean, euskaraz, ingurugiroa zaintzen, errespetuz eta inolako eraso sexista eta genero indarkeriarik gabe ospatu daitezen eskatu dute udal ordezkariek.