Bizitzako hauskortasunez hausnartzeko aukera, etzi
Egun erdiko jardunaldiak antolatu ditu Caritasek. Eguneko solasaldietan bizitzako hauskortasunez eta komunitatea indartzeaz arituko dira.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2021/03/reina-aretoa.png)
Etzi, asteazkena, Gipuzkoako Caritas GKEk jardunaldiak antolatu ditu Errenteria-Oreretan, “Bizi-hauskortasuna eta erresilientzia komunitarioak” izenpean. Goiz osoan zehar antolatu dituzte ekimenak, erdiguneko Reina Aretoan: Goizeko 09:00tan hasi eta eguerdiko 14:00ak aldera amaituko dute. Helburutzat “bizitzan zehar bizi ditzakegun ahuleziak, eta ingurune komunitarioek horiei aurre egiten nola laguntzen diguten” aztertzea jo dute.
Hona hemen egitarau osoa:
- 9:00: Ongietorria.
- 9:15: Hitzaldi nagusia: “Hauskortasunaren aurrean, komunitatea indartzea” (Imanol Zubero, Soziologiako doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titularra).
- 10:15: Solasaldia Imanol Zuberorekin.
- 10:45-12:15: Mahai-ingurua: “Hauskortasunak bizitzan zehar”. Parte hartzaileak: Mari Carmen Garmendia, Matia Fundazioko patronatuko presidentea; Elena Ayarza, Haur eta Nerabeentzako Bulegoko arduraduna (Arartekoa); eta Elena Aycart, gizarte-hezitzailea (Kabia elkartea).
- 12:15: Atsedenaldia: kafea.
- 12:45: Elkarrizketa Adriana Martinezekin:“Komunitatea indartzen laguntzen duten gakoak eta tresnak” (APTES: Gizarte Teknologia Sustatzeko Elkartea).
- 13:45: Ondorioak eta amaiera
Caritas Gipuzkoak Pio XII.a institutuarekin lankidetzan antolatu ditu jardunaldiok.