Eukene Saez errenteriarra, Espainiako piraguismoko txapeldun
Ibaietako Espainiako Txapelketan irabazle izan da Pasaia Kayakeko palista, master kategorian. "Proba gogorra izan zen, oso bero zegoen".
Iragan asteburuan Ibaietako Espainiako Txapelketaren 10. edizioa lehiatu zen Talavera de la Reina herrian (Toledo, Espainia) kategoria guztietan, eta urrezko domina eta titulua lortu zituen Eukene Saez Pasaia Kayak taldeko ordezkari errenteriarrak master kategorian.
Txema Yarza urdinen eledunak adierazi du proba gogorra izan zela: “Oso bero zegoen eguraldia eta Tajo ibaiak ur gutxi zuen emakumeek bete behar izan zuten 12 kilometroko ibilbide osoan, kirolarien lana zailduz”. Saezek ez zuen irteera ona egin, baina hala ere, galdutakoa errekuperatu zuen bideko esfortzuarekin.
Bederatzigarren kilometroko ziabogarekin, atzean utzi zituen Pasaia Kayakeko palistak bere kategoriako lehiakideak, eta azken 3 kilometroko tarterik handiena bakarrik bete ondoren, minutu 1 eta 3 segundoko abantailarekin lortu zuen Saezek garaipena. Podiuma osatu zuten Madrilgo Alberche Kayak Club eta Piraguismo Aranjuez taldeetako ordezkarien aurretik, hurrenez hurren.
Espainiako bigarren titulu indibiduala du hau Saezek, martxoan Sevillan Espainiako Neguko Master Txapelketan lortutakoarekin batera. Atsedenerako tarterik ez: hilabete honen bukaeran beste proba garrantzitsu bati egin beharko dio aurre palista errenteriarrak.