San Pedro, Eusko Labelera igotzeko ateetan
Datorren asteburuan lehiatuko du 'Libia'-k traineruen liga gorenera igotzeko play-offa. Bostetik bi besterik ez dira pasako.
KAE 1 Ligako txapeldun bukatu zuen sasoia Libiak abuztuan, eta ordutik tarte luzea izan dute Eusko Labelera igotzeko play-offak prestatzeko. 2020tik gaur arteko (urte hartan KAE 1en bigarren bukatu eta igotzeko kanporaketak lehiatu zituzten) erronka handiena izango da datorren asteburukoa.
Lehia bikoitzak Bermeo eta Portugaleten hartuko du lur, hurrenez hurren. Lehena 18:10ean abiatuko da, eta igandekoa 12:00etan. Etxetik urrun arituko badira ere, hemen baleude bezala sentituko dira moreak, autobusak atera baitituzte zaleak arraun eremura gerturatu eta bertan ere haien beroa sumatzeko.
Esan bezala, ezbairik gabeko hautagaia (bost daude) da aurten Libia Eusko Labelera igotzeko, KAE 1eko lehen bukatu dutenez gero. Liga horretan play-offerako bi txartel zeuden, eta bestea Pedreñak du (bigarren postuagatik). Ares zuzenean jaitsi da aurten Eusko Labeletik, azken sailkatu izanagatik, eta Lekeitiok, azken-aurrenak, kategoria gorenean jarraitzeko egin beharko du arraun play-offetan. Azken bi postuak liga galiziarreko traineruek beteko dituzte: Samertolameu eta Bueu dira.
Dagoeneko izan dute aukera igoera lehiatuko duten bost traineruek uretan elkar ikusteko, Kontxako sailkapen estropadan denek egin baitzuten arraun. Maila egon badago, eta onena eman beharko dute sanpedrotarrek igotzea lortuko duten bi txarteletako bat eskuratzeko. Hori izugarrizko arrakasta izango balitz ere, ez dago porrotik asteburuan. Hobeezin egin dute sasoia, eta merezitako emaitza lortu dute.