EH Bildu: "Onartezina da motorak inolako deskonturik ez izatea"
Zerbitzua Mugi sisteman "lehenbailehen" txertatzeko eskatu du koalizioak beste behin ere. Zerbitzuaren prezio igoera ere salatu dute.
Pasaiako EH Bilduk ohar baten bidez salatu du, garraio publikoaren prezioak behin-behinean merkatu diren honetan, “onartezina” dela San Pedro eta Donibane arteko motora zerbitzuari inolako deskonturik aplikatu ez izana. Erantzun dezatela eskatu die koalizioak inplikaturiko aginte organoei.
Hiru dira gaiarekin zuzeneko erantzukizuna duten instituzioak: Pasaiako Udala, Pasaiako Portu Agintaritza, eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Hiruak ala hiruak PSE-EEk eta EAJk kudeaturiko administrazio publikoak.
Hori horrela, motoraren erabiltzaile diren pasaitarrak defendatzeko “neurri egokiak” galdegin dizkie oposizioko koalizioak dagokien alderdi politikoei. Sekula baino agerikoagoa da orain, bilkideen ustez, motora zerbitzua Mugi sisteman txertatu behar dela; izan ere, motora garraio sare horretan barne hartuta ez dagoenez, badia zeharkatzeko bidaietan ez dute eraginik izan hilabete honetan indarrean sartu diren garraio publikoaren deskontuek.
Testuingurua hori izanik, EH Bilduk publikoki gaitzetsi nahi izan du pasaitarrak “bigarren mailako herritar gisa tratatu dituztela berriro ere PSE-EEk eta EAJk”. Pasaiako udal gobernuari zein Portu Agintaritzari eskatu diete berehalako neurriak martxan jar ditzatela, eta motora Mugian sartzen ez den bitartean -tramite horiek gauzatu artean- “bestelako deskontuak” aplikatzeko.
Motoraren prezioaren igoera
Esandakoaz gain, salaketa probestu dute bilkideek azken hilabetean eman den motoraren “gehiegizko garestitzea” ere salatzeko, 20 zentimo gora egin baitu prezioak, gaur egun 1,10 eurokoa delarik.
“Guzti honek agerian uzten du neurriak hartzea premiazkoa dela”, esan dute, “Pasaiak Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko errenta pertsonal txikienetako bat duelako eta edozein erakunde publikok lehentasunez jarduteko eremutzat jo beharko lukeelako”.