[Elkarrizketa] “Orain gu gara barre egiten dugunak”
Indar handiz hasi zuen umore munduko ibilbidea Martiarenak (Oiartzun, 1986). Lehen emankizunarekin, Euskal Herriko 150 plazatan baino gehiagotan aritu baita, Idoia Torregarai lagunarekin.
Txikitatik izan al zara umoretsua edo txantxazalea?
Bai, umetatik badut hori buruan. Egia da umetan oso lotsatia nintzela, baina beti gustatu izan zait umorea zegoen leku horretan egotea eta ikustea barre eginarazten zuen jende horrek bazuela zerbait erakartzen ninduena.
Esaterako, Kike eta Joxe Ramonen Txisteka-Misteka kaseta kotxean entzuten genuen, Txiskola eta Funtzioa ETBn ikusten genituen, eta horiekin guztiekin asko disfrutatzen nuen.
Noizbait pentsatu zenuen zu zeu ere sartuko zinela mundu horretan?
Beti komunikazio arloan ibili nahi izan dut, txikitatik argi nuen hori zela nire nahia, horregatik ikasi nuen geroago kazetaritza; baina gero, hor bazeuden nire konplexu eta beldur batzuk, gehienbat gorputzari lotutakoak. Nire buruari ukatzen nion jende aurrean egotea, gorputzak alde horretatik pisu handia du sinbolikoki. Beraz, ez nuen inoiz pentsatuko honetan arituko nintzenik. Ordea, orain dela bederatzi urte aukera etorri zitzaidan, Argia-k egin zuen Damutuko zaizue websailean. Hor esan nuen ‘niri hau gustatzen zait’.
Saio hori izan zen abiapuntua, baina Oiartzun Irratian nenbilenean ere umorearekin jolasten genuen programak egiteko orduan, eta hor nire bidelagun oso garrantzitsua izan zen Ion Zabaleku Zapo. Beti egongo naiz eskertuta.
Berak pasa zituen bizpahiru urte niri esaten ‘zuk balio duzu eta egin beharko zenuke’. Nik ez nuen sinesten. Baina orain dela bost urte krisi existentzial handi horietako bat eduki nuen eta, garai hartan, kasualitatez, irratira etorri zen ordenagailu bat konpontzera eta esan zidan nirekin hitz egin behar zuela. Nik erantzun nion ‘Bai’; eta berak:’Bai zer?’. ‘Iturriotzeko festetan monologoa egingo dut”, nik; ‘Jada ezin duzu ezetz esan!’, hark. Eta horrelaxe egin nuen lehen monologo hura.
Zein izan da zure ibilbidea?
Iturriozko bakarrizketa hori izan zen lehena. Gainera, udara horretan bertan Gaztea irratian tartetxo bat eduki nuen umorea egiteko. Hortaz, bakarka hasi nintzen emanaldi gutxi batzuk egiten eta segituan etorri zitzaidan aukera Idoia Torregarairekin emanaldi bat egiteko. Usurbilen, abenduaren 3 batean izan zen Bakean dagoena bakean utzi-ren lehen saioa. Hamabost egunetan egin genuen dena, idatzi, entseatu eta plazaratu. Egia da Idoiak eta nik umore bikia dugula, eta aurretik ere bazegoela halako zerbait egiteko nahia.
«Umoreak behetik gorakoa izan behar du, nik horrela egiten dut»
Orduan, horren harira jo genuen Lanku kultur zerbitzura, proposatu genuen zer egin nahi genuen, eta baiezkoa eman ziguten. Horrenbestez, 2018ko udaberritik aurrera hasi ginen emanaldiekin. Generoa eta euskara uztartzen zituen lanak eta 150 plaza baino gehiago egin genituen. Aldi berean, ETBko Barre librea saioan hasi nintzen gidoilari, eta hor ere asko ikasi nuen. Gero, beste saio batzuetan ere ibili naiz gidoilari. Ondoren, 2020ko udazkenean, Luze edo motz sortu genuen, tartean itxialdiarekin, baina estreinatu genuen eta ordutik horrekin gabiltza.
Nolakoa izan zen hasiera?
Esan dudan krisi-garai hartan erabaki nuen, era berean, irratiko lana uztea. Ez nekien etorkizunerako zer nahi nuen, soilik umorea egin nahi nuela, eta Iturriotzen monologoa egin behar nuela. Baiezkoa eman nuen monologoa prestatu gabe neukala. Orduan, idatzi nuen, landu nuen, asko pentsatu gabe, inpultso hori eduki nuen. Gogoratzen dut oholtzara igo aurretik ahizpari esan niola, erdi negarrez eta oso urduri, etxera joan nahi nuela. Ez nuen hainbeste jende espero, ia 500 lagun. Eta ahizpak erantzun zidan jada ezin zela.
Beraz, oholtzara igo eta gogoratzen naiz nire arnasa estu entzuten nuela mikrofonotik, egundoko bertigoa sentitu nuen. Gero, jendea barrez hasi zenean hasi nintzen eroso sentitzen eta gozatzen. Baina bai, erronka handia izan zen; baina, aldi berean, oparia. Ez banu hori egin ez dakit zein bide hartuko nukeen. Aukera eduki nuen, lagun on bat ondoan etengabe babesten, eta nire bizitza hor aldatu zen.
Eta orain sentitzen al duzu beldurrik oholtza gainean?
Bai, beti izaten da puntu hori, ea barre egingo duten, ez… Herri guztiak desberdinak dira, pertsona bakoitza da desberdina. Umorea oso gauza pertsonala da, etxe batetik bestera aldatu egiten da. Tristura unibertsala den bezala, umorea ez. Izan liteke plaza beterik egotea, baina inork barrerik ez egitea; eta gerta liteke hamar pertsona egotea eta barrez lehertzen egotea, eta zu ere denak ematen egotea. Plaza bakoitza azterketa bat da, eta zuk ahalik eta hobekien egin behar duzu.
Ba al duzu espektakulu giroan erreferenterik?
Idoia Torregarai, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia; nire idoloak izan dira, asko jarraitu ditut, eurekin lan egiteko aukera izan dut eta gaur egun lagunak gara. Gainera, oso eroso sentitzen gara, eta badakit berriz ere elkarrekin lan egingo dugula. Altxor polita da hori niretzat.
Eta espektakulutik at?
Adibidez, gure aita. Erreferentea izan da, oso umoretsua, zirtolaria, ziri-sartzailea. Halaber, gogoan daukat Pikoketako gure aitona Inaxio ere horrelakoa zela. Txikia nintzela hil zen, baina gogoratzen naiz bera zegoen lekuan umorea, alaitasuna eta barrea zeudela.
Asko aldatu al da umorea egiteko modua?
Bai, esan beharrik ez dago emakumeok plaza hartu dugula eta hor gaudela. Lehen, mundu honetan denak gizonak ziren eta emakumeari egiten zitzaion barre, emakumea zen objektua. Orain gu gara barre egiten dugunak, baina behetik gora. Orduan, aldatu da, bai. Betiko diskurtsoa da emakumeen umorea ez dela ulertzen, gizon askori entzun izan diet. Akaso, ulertzen ez dena da zuei barre egitea, zuek objektu izatea edo guk gure buruari barre egitea, baina beste modu batean; hor deserosotasunak sortzen dira.
Bestalde, jende askok kartelean bi emakume ikusten dituenean pentsatzen du gure emankizuna emakumeentzat dela. Eta ez, guk publiko ororentzat egiten dugu. Aldiz, inork ez du pentsatzen kartelean bi gizon ikustean, hori gizonentzat denik. Horrez gain, kontratazioari dagokionez, gu berdintasun sailetatik kontratatzen gaituzte, eta oso eskertuak gaude, baina gizon bat beti kulturatik kontratatzen dute.
«Lantzen ditugun gaiak emakumeen ahotan publikoki entzutea jendearentzat ez da erosoa»
Gero, gertatzen den beste kontu bat da gure emanaldi gehienak martxoan izaten direla, baita azaroan eta abenduan ere. Horrek zerbait esan nahi du. Datek markatzen dituzte gure emanaldiak. Hala ere, ulertzen dugu egin behar dugun lana dela eta oso gustura joaten gara guztietara.
Zer iritzi duzu umore beltzaren inguruan?
Asko gustatzen zait. Jakin behar da non egin eta non ez, eta zein momentutan. Baina gustatzen zait umore gaizto hori, nahiz publikoki askotan egiten ez dudan.
Erronka politiko gisa hartzen duzu umorea?
Bai, emakume garenez eta genero gaiak lantzen ditugun unetik, guri buruz hitz egiten dugun unetik, gizartean gaizki ikusitako gauzak egiten ditugun unetik, nik uste, erabaki politikoa dela gurea. Guk lantzen ditugun gaiak, hilekoa, sexua, ginekologoa… emakumeen ahotan publikoki entzutea jendearentzat ez da erosoa. Iturriotzen aurten egin genuen emanaldian, esaterako, sentitzen zen tentsioa.
Mugarik eduki behar al luke umoreak?
Berez, teorian ez. Gero kontua da eskatzen zaigula inor ez mintzeko umorea, umore zuria, azalekoa, inor ez dadila mindu. Ez, beti egongo da minduko denik, eta egon behar du. Gero, noski, jakin behar da hori hartzen. Teorian ez luke eduki behar, praktikan badu, Mozal Legea. Badaude umoristak epaitegietan bukatu dutenak; beraz, berez ez luke eduki behar mugarik, baina praktikan baditu.
Zuk orduan ez duzu mugarik jartzen?
Bai, nik agian agian autozentsura egiten dut. Nik badakit jende aurrean zeri egingo diodan barre eta zeri ez. Beti hasten naiz nire buruari barre egiten. Umoreak behetik gorakoa izan behar du, nik horrela egiten dut behintzat. Ez diot ni baino ahulagoari barrerik egingo. Izan ere, umorea ahobiko labana da: arma bat da indartu zaitzakeena edota beste bati min egiteko erabil dezakezuna, muga oso fina dauka.
«Umorea ahobiko labana da: arma bat da indartu zaitzakeena edota beste bati min egiteko erabil dezakezuna»
Herri frankotan ibili zarete. Sumatu al duzue diferentziarik?
Desberdinak dira, bai. Esan bezala, pertsona bakoitza ezberdina den moduan herriak ere hala dira. Agian, oso euskalduna den eta jendez lepo egongo den herri batean esperantza handia duzu, eta gero ez da lehertzen; eta, aldiz, gutxien espero duzun herrian hamar pertsona etortzen dira eta dena ematen dute, eta zuk ere bai.
Ikuskizun berriren bat prestatzen ari al zarete?
Oraingoz Luze edo motz-ekin jarraituko dugu eta, 2023ari begira, beste bat egitea pentsatzen dugu; gai antzekoekin jarraituz, baina berritasun batzuekin. Bestelako gauzak ere egiten ditugu, aurkezpenak, sari-banaketak… guk baietz esaten dugu eta oso ongi pasatzen dugu.