[Galeria] Atlantikaldia; larunbat eguerdiko giroa
2022ko Atlantikaldiaren azken-aurreneko goiza gogoz hartu dute Errenteria-Oreretako familiek. Herriko plaza, Herrixka eta Kalekaia bete dituzte.
Azken orduak ditu aurretik 2022ko Atlantikaldiak, eta agerikoa da -eguzkia lagun, gainera- gozatzeko gogoa Errenteria-Oreretako bizialagunen artean. Goiz-eguerdiko giro nagusia Herriko plazan, Herrixkan (Foru plazan) eta Kalekaian (Panier) zegoen, eta gune horietako argazki sorta bildu du HITZAk.
Musika eta hip-hopa nagusitu dira Kalekaian, eta Eme bandaren emanaldiak eserleku bat bera ere ez du hutsik utzi udaletxeko plazan. Bien bitartean, afro tailerrarekin gozatua hartu dute familiek Herrixkan, eta urban dantzak ikasteaz gain, maskarak, durbanteak eta bestelako eskulanak ere egin dituzte iaioenek.
Foru plaza bera elkartasun eta kulturartekotasunaren agertoki bilakatu da larunbat honetan. Nazioarteko sukaldaritza tailerrak borobildu du hori, Zaporeak proiektuari babesa emateko helburuz. Gaurko egunean zehar beste zein jarduera egongo diren hemen kontsulta dezakezu.
Horra hor aipaturikoen, eta Errenteria-Oreretako kaleetan HITZAk gaur topatu dituen beste hainbaten argazkiak.