[Publirreportajea] Zabalik dira, Pasaiako gazteentzat, euskarazko aisiaren ateak
Dagoeneko izena eman daiteke Kuadrillategi eta Faktoria gazteentzako aisia egitasmoetan. Ikasturtea urriaren 7an abiatuko da, ostiralarekin. Hitzorduak beti astegun horretan izango dira.
Datorren hileko lehen ostiralarekin, urriak 7, hartuko dute abiada Kuadrillategi (KTG) eta Faktoria (FKT) egitasmoek. Horien barruan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoko nahiz Batxilergoko gazteek aukera izango dute ostiraletan lagun giroan elkartzeko, nahiz espazio horietan jaiotako jarduera eta iniziatibak martxan jartzeko ere.
Horien artean, besteak beste, adinen eta nahien araberako jolasak, tailerrak eta lehiaketak, nahiz euren interesetik abiatutako proiektuak proposatu ahalko dituzte. Adinekoenen artean, gainera, ahalegin berezia egin ohi dute arduradunek asteburu pasak eta tankerako irteerak bultzatzeko, beste herrietako gazteekin elkartuz zenbaitetan.
Bakoitzaren nolakotasunak
Egitasmoetako bakoitzak adin ezberdinetako gazteak elkartzen dituenez gero, helburu eta nolakotasun berezkoak ere baditu. Bigarren hezkuntzako ikasleek KTGren estalpean egiten dute bat, baina iaztik aurrera, DBH 3 eta 4 mailetakoei bi iniziatiben arteko —Kuadrillategi eta Faktoria— trantsizio izan nahi duen KTG 2.0 programa moldatua eskaintzen zaie.
Betiko KTG berrasmatu eta espazio ekintzaileago bat sortzeko ahalegina izan zen bigarrena, DBHtik Batxilergora arteko jauzia. KTG 2.0-ren asmoa gazteen autonomian eta aktibismoan indar berezia jartzea da, eta, ildo horretan, izena emandakoek, eguneroko jarduerez gain, proiektu bat hautatu eta hura abiarazteko aukera izango dute.
Faktoria da eskailera horren azken koska. Esan bezala, 16 eta 18 urte bitartekoentzako espazioa da azken hori, nabarmen autonomoagoa. Ikasturtearen bukaeran proiektu, bidaia edo adosturiko beste jardueraren bat egin ahal izateko antolatu ohi dira urtean zehar.
Hitzorduak
Ostirala da hiru egitasmo hauen egun klabea. Kuadrillategiko gazte pasaitarrak (15 eta 30 lagun artean izan ohi dira) astero-astero elkartzen dira, pare bat orduz; orain arte saioak beti 19:00etan hasi eta 21:00etan bukatu izan dira, baina parte hartzaileen artean adostu dezakete, hezitzaileekin batera betiere, hitzordu horiek moldatzea.
Faktoriakoek, berriz, bi ostiralean behin egiten dute bat, beranduago normalean: 21:00etatik 23:00ak bitarte. Izen emate kopuruen arabera, talde bateratu bakarra sortu izan da Pasaiako eta Lezoko FKTen artean, eta beraz, gazte guztiek elkarrekin egiten dute, kasu horretan, urte bukaerako proiektua.