[Galeria] Marmitako usaina du Lezok dagoeneko
Santakrutzen larunbata goiz abiatu dute. Txikienek Lopenen jolasteko aukera izan dute, eta sukaldari finenentzako, marmitako lehiaketa.
10:30eko kanpaiak jo baino lehen soma zitekeen, jada, santakrutzen giroa Lezon. Lopene plaza txikienek hartu dute, eta Saldisera bidean joanda antzeman zitekeen, goiz-goizetik, tipula frijituaren usaina. Horren erantzule, marmitako lehiaketan parte hartu dutenak.
Ordu horietan inguru hartatik ibili denak entzungo zuen, halaber, eskualdeko dultzaineroek osatu duten diana kalez kale, santakrutzen azken larunbata girotzen.
Haur jostalari eta heldu sukaldari aski ikus zitekeen, beraz, gaur goizean Lezon. Hutsune garbiena, beharbada, gazteek utzirikoa; ordu horretan lo jarraituko zuten gehienek, akaso, atzo iluntzerako enparantza nagusia bete baitzuten hamarka lagunek. Saldise plazara hurbildu besterik ez zen kontzertuen arrakastaren testigu izateko. Ibiltari gauean, logura goizean, esan ohi da…
Lezoarrak goiz martxan jarri badira ere, jardueraz josiriko egun luzea dute oraindik gozagarri. Eman begirada bat eguneko egitarauari:
- 16:00. Truk txapelketa Tiñelu elkartean.
- 16:00. Puzgarriak haurrentzat Lopene plazan (eguraldi txarrarekin, Lezo Herri Eskolako patioan).
- 18:00. Dantza soltean txapelketa Gurutze Santuaren plazan.
- 18:00. Elektrotxufla txaranga Karlos Saldise plazatik abiatuta.
- 19:00. Patata tortilla lehiaketa Lope de Isasti plazan (izen emateak Kike tabernan).
- 20:00. Lezoko Eztandak taldearen dantza erakustaldia Gurutze Santuaren plazan.
- 20:00. Afari herrikoia Lope de Isasti plazan (bakoitzak bere afaria eraman behar du; sagardoa udalak jarriko du).
- 22:30. Su artifizialak kaitik (Polentzarrene aurrean).
- 23:30. Kontzertuak Karlos Saldise plazan: Kristonak + Bad Sound System.
Gaurko goizak Lezon utziriko zenbait argazki, jarrian.