Kultura eta sormenaren alorrean dabiltzanek euren egitasmoak garatzeko laguntza izan dezakete
Berpiztu Ztim & Ksi egitasmoaren bidez jaso dezakete laguntza hori Oarsoaldeko kultur eta sormen alorretako kideek.
Oarsoaldea Garapen Agentziak, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako Berpiztu programaren laguntzarekin, Berpiztu Ztim & Ksi garapen profesionalerako programa abiarazi du. Sormenaren eta kulturaren sektorean lan egin nahi duten pertsonei begirakoa da programa, eta izena ematen dutenen artetik sei egitasmo hautatuko dituzte (lehenik eta behin 10-15 pertsonako taldea sortu nahi dute, formazioa emateko), eta horiei 2.000 eta 3.500 eurora arteko beka emango diete, bai eta Habian Inkubagailuan hiru hilabeteko egonaldia egiteko aukera ere. Hautatuko dituzten sei egitasmoek teknologia izan behar dute jardueraren ardatz.
Esan bezala, egitasmorako izena ematen duten guztien artean 10-15 pertsonaren hautaketa egingo dute lehenik. Saio eta prestakuntza esperimentala eskainiko diete, bai eta kulturaren eta sormenaren sektorean espezializatutako monografikoak ere, sektoreko erreferenteekin networking jarduerak egitearekin batera. Han, pertsona horiek egitasmo edo proiektuek izan ditzaketen beharrak identifikatuko dituzte. Horietatik seik jasoko dute beka, eta hori garatzeko espazioa.
Lehen bilkura hilaren 29an (osteguna) egingo dute, 10:30ean, Oarsoaldea garapen agentziaren egoitzan (Astigarraga bidea 2, 2. solairua, Oiartzunen. Mamut eraikinean dago). Han programaren xehetasunak jasoko dituzte bertaratzen direnek. Jesus Mari Martiarena egungo Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidenteak kulturarik eta sormenetik bizi nahi duten pertsona guztiak animatu ditu egitasmoarekin bat egitera, “baldin eta etorkizun profesionala horrelako proiektuen garapenarekin lotuta izan nahi badute. Oarsoaldeko kultura eta sormen sektoreko pertsonek beren ametsa gauza dezaten lagundu nahi dugu”.
Bilkura horrez gain, jada zabalik dago Berpiztu Ztim & Ksi egitasmoan izena emateko epea, urriaren 14ra arte.