[Galeria] Lehenengo puntua Estatuko Bigarren B Mailan
Antxo AF-ko lehen taldeak kategoria estreinatu du, bina berdinduz Ibarrarekin. Gipuzkoa eta Euskal Kopetan, bi garaipen lehen kanporaketetan.
Arrakasta handiko asteburua izan da joan dena Pasaiako areto futbol jokalarientzat. Hiru lehiatik bi irabazi eta bat berdindu dituzte: Antxo AF-ko lehen taldeak ligakoa (2-2), Doniparik Euskal Kopakoa, eta Antxo AF-ko bigarren taldeak Gipuzkoako Kopakoa.
Lehen hitzordua, ostiralean, Gipuzkoako Kopakoa izan zen: derbia antxotarren eta Jaixkiko lezoarren artean. Oso partida estua izan bazen ere, zuri-gorriak dira, azkenean, kopagatiko norgehiagokan aurrera jarraituko dutenak, lehen kanporaketa 5-4 irabazi izanagatik. Antxo AF-ko bigarren nahiz hirugarren taldeko jokalariak izan ziren ordezkari.
Sanjuandarrek larunbat arratsaldean izan zuten onena emateko garaia, eta egin-egin zuten: Sasikoa taldea Euskal Kopagatiko borrokatik kanporatu dute, 4-1 irabazita. Euskal Ligan emango duten sasoia abiatzeko modu hobeezina.
Igandean jokatu zuten ligako lehen partida Antxo AF-koek Espainiako Bigarren Mailan, eta merituzko puntua lortu zuten, derbi gipuzkoarrean, Lauburu Ibarrarekin bina berdinduz. Lehia oso estua Donibanen jokaturikoa: azken 5 minutuetan sartu zituzten antxotarrek bi gol horiek, atezain-jokalariarekin.
Futbolean, hainbesteko zorterik ez
Hamaikako futbolean, dagoeneko lehian ari direnak Pasaia (Gizonen Hirugarren Maila) eta Sanpedrotarra (Gizonen Gorengo Maila) dira. Horiek ez dute areto futbolekoek bezain zorte ona izan asteburuko partidetan.
Zuri-gorriek Arrigorriagako Padura taldearen zelaian izan zuten sasoiko bigarren partida, eta 2-0 galdu zuten. Sanpedrotarrak denboraldiko aurrena izan zuen larunbatekoa, etxean, baina 1-4 irabazi zien moreei Astigarragako Mundarro taldeak.
Jarraian ikus daitezkeenak, Antxo AF-ren estreinako partidako argazkiak.