Orotariko jarduerak egingo dituzte erretiratuen elkarteek
2022-2023 ikasturteko eskaintza aurkeztu dute gaur eguerdian. Hainbat giza alderdi lantzen saiatuko dira, eta pandemiaren ondorioei aurre egiten ere.
Errenteriako erretiratuen zortzi elkarteetako kideek eta Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak 2022-2023 ikasturterako prestatu duten programazioaren berri eman dute gaur eguerdian. Orotara, 72 ikastaro eskainiko dituzte, eta 1664 pertsonentzat eskainiko dituzte plazak.
Datozen hilabeteotan, beraz, askotariko ekintzak garatzeko aukera izango dute Errenteriako helduek; jarduerak auzo desberdinetan egingo direlarik eta orotariko interesei erantzungo dietelarik. Hainbat giza-alderdi lantzen ahaleginduko dira elkarteetako kideak; hala nola emozionala, ludikoa, soziala, fisikoa edota sormenezkoa. Atal fisikoan mugikortasuna, oreka eta indarra landuko dituzte; kognizio eta emozioaren atalean, burmuina aktibatzeko teknika ezberdinak landuko dituzte, baita emozioak kudeatzen jakiteko ariketak ere. Kultura atala izango dute ere, eta bertan artearen historia, abesbatza, euskara edota frantsesa landuko dituzte. Eskulanen atalean parte hartzaileen sormena eta adierazkortasuna lantzen ahaleginduko dira, margoketa eta marrazki, josten ikasteko eta bestelako tailerren bidez.
Izen ematea iraila bukatu artean egongo da zabalik, dagoeneko hainbat jardueretan itxaron zerrenda osatu badute ere. Jarduera bakoitzean izena emateko berau antolatzen duen elkartearen egoitzara hurbildu behar dira interesa dutenek.
Antolatzaileek pandemiaren hedapenak eragindako hainbat ondorioei buelta eman nahi dietela horrela adierazi dute: harremanen gutxitzea, mugikortasuna murriztea, distantziak areagotu izana dira horietako batzuk.