San Pedrok ez du Eusko Labelen arraun egingo datorren sasoian
Larunbateko estropadan azken-aurren egin ondoren, zail zuen 'Libia'-k igoera. Zaleen babesa bereziki eskertu du klubak.
Libia ez da Eusko Label ligan arituko datorren denboraldian. Atzo eta herenegun lehiatu zituzten igoerarako play-offak Bermeo eta Portugaleten, hurrenez hurren, eta bi jardunaldiekin laugarren sailkatu dira sanpedrotarrak, igoerarako lehian ari ziren bosten arten.
Bermeoko lehen estropadan azken-aurren egin izanagatik, igotzeko bi txarteletako bat eskuratzeko aukera gutxirekin abiatu zen Libia Portugaletera. Hori horrela izanda ere, aurreko egunean egin bezala, arraun eremua morez jantzi zuten zaleek, hutsik egin gabe.
Lekittarra eta Samertolameu nagusitu ziren bi jardunaldietan. Merezitako igoera, galiziarrena, eta sufrituriko jarraipena, bizkaitarrena. Bakoitzak estropada bana irabazita bederatzi puntutan berdinduta bukatu badute ere, larunbatean Lekittarrak lorturiko abantailak (16 segundoko errenta galiziarrekiko) garaipena eman die horiei.
Atzetik, Bueu Teccarsa izan da hirugarrena, sei punturekin; San Pedro laugarren, hiru punturekin, eta azken postuan Pedreña, pasaitarrekin puntutan berdinduta, baina denbora okerragoarekin. Jarraian, bi estropadetako emaitzak eta azken sailkapena.
Lehen jardunaldia
1. Lekittarra. 20:59:78.
2. Samertolameu. 21:15:94.
3. Bueu. 21:18:58.
4. San Pedro. 21:26:08.
5. Pedreña. 21:26:98.
Bigarren jardunaldia
1. Samertolameu. 20:00:06.
2. Lekittarra. 20:02:36.
3. Bueu. 20:03:84.
4. Pedreña. 20:11:86.
5. San Pedro. 20:12:30.
Sailkapen orokorra
1. Lekittarra. Puntuak 9. 41:02:14.
2. Samertolameu. Puntuak 9. 41:16:00.
3. Bueu. Puntuak 6. 41:22:42.
4. San Pedro. Puntuak 3. 41:38:38.
5. Pedreña. Puntuak 3. 41:38:84.
Sasoi hobeezina egin ondoren, KAE 1en garaile bukatuta, mereziriko atsedenerako garaia heldu zaie orain sanpedrotarrei. Bereziki eskertuta agertu da kluba herritarrekin, bi jardunaldietan autobusak bete baitzituzten. Argazkietan ikus daiteke (Sanpedrotarra AE-renak dira) babes hori.