Kontzertu gregoriarra eskainiko dute larunbatean
Donostiako Ereski elkarteko Gregoriar Schola arituko da Madalena ermitan, 20:00etatik aurrera. Euskarazko notazioak erabiltzen dituzte, Orixek itzulitakoak.
Datorren larunbatean, hilaren 24ean, Donostiko Ereski elkarteko Gregoriar Schola abesbatzak kontzertua eskainiko ditu. Arratseko 20:00etatik aurrera, beraz, aukera paregabea izango dute abesti gregoriarren jarraitzaileek Madalena ermitan. Sarrera doakoa izango da, aforoa bete artean.
Jokin Otamendi abesbatzako partaideak eta Juanjo Iturrioz Gregoriar Scholaren zuzendariak emanaldi berezia izango dela aurreratu dute. Izan ere, urteetan zehar 1.000 abesti gregoriar baino gehiago biltzen dituen “Liber usualis” obra erabili dute; baina hemendik aurrera bestelakoa izango da emanaldien oinarria.
Orixe, abesti gregoriarren itzultzailea
Aspalditik, “Salbe mater” abestia latinez nahiz euskaraz abesteko ohitura dute donostiarrek. Harik eta Otamendik behin Iturriotzi itzulpena nork egin zuen galdetu zion arte: “Itzulpena Orixerena da” erantzun zion zuzendariak. Ordutik, eta idazle gipuzkoarrak 1942an zuzenean latinetik itzulitako musikatik abiatuta, 100 abesti baino gehiago dituen euskarazko bilduma osatu zuten. Itzulpen guztiak Orixerenak dira, jatorrizko latinetik egindakoak. Musika partiturak ere itzuli zituen; hori dela eta, bilduma berrian abesti gregoriar guztien jatorrizko notazio musikala eta gaur egungoa bateratzea erabaki zuten.
Hortaz gain, pandemia garaian berreskuratutako kantetatik hogeita hamahiru grabatzea erabaki zuen Añorgako abesbatzak. Hala, bi disko osatu zituzten, eta disko horiek osatzen dituzten abestiak dira gaur egungo emanaldietan abesten dituztenak.