Jarduera fisikoa Lezora itzuli da
Udalak jakinarazi du Emakume Korrikalariak, Martxan eta Tipi-Topa egitasmoek abiatu dutela ikasturte berriko zikloa.
Lezoko Udalak jarduera fisiko aktiborako dituen baliabideen berri eman du. Jada martxan jartzeko prest dira lezoarrak beste ikasturte batez. Emakume Korrikalariak, Martxan eta Tipi-Topa egitasmoak nabarmendu ditu udal erakundeak.
Emakume korrikalariek astelehenetan biltzen jarraituko dute 2022-2023 ikasturtean ere. 19:00etan batzen dira, Koldobike Gezala pilotalekuan. Lasterka egin nahi duen edozein emakumeri egin diote iniziatibarekin bat egiteko gonbita, haren maila edozein dela ere. Korri egiteko irizpideak, baliabideak eta ezagutza eskainiko dizkiete partaideei.
Asteartetan, Martxan-en txanda. Herritar helduentzako egitasmoa da batik bat. 10:00etan biltzen dira bertako kideak asteko bigarren egunean, gorputzak aktibo mantentzeko xedearekin. “Egunerokoan jarduera fisikoa egiteak duen garrantzia islatu nahi da Martxan-ekin. Taldeko jarduera da, eta beste kideekin egiten dena ohitura bilakatzea da asmoa”, adierazi dute udaletik.
Ostegunetan, jada klasiko bihurtu diren Tipi-Topa ibilaldiak. 10:30ean hasten dute bidea (luzea edo laburragoa) egitasmoarekin bat egiten dutenek Gurutze Santuaren plazatik, profesionalen gidaritzapean. Ibilaldia bukatzean, plazan, salda beroaz eta edariez gozatuko dute partaideek. Jarduera fisikoaren bitartez sozializatzeko aukera ere bada, beraz, Tipi-Topa.
Jarduera horien guztien informazio gehiago izateko, 674 17 16 81 telefono zenbakira dei daiteke.