Aurtengo enplegu planak aurkeztu dituzte
166 lanpostu sustatuko dituzte eskualde nahiz herri mailan, enplegua sustatzeaz gain, lan merkatura sarbidea erraztu eta talde zaurgarrienei laguntza eskaintzeko.
Atzo eguerdian Errenteriako Udalak, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera, martxan dituen 166 lan-kontratu berriak aurkeztu zituen. Hainbat sailetan eskainiko dituzte deialdi eta diru-laguntzak: enplegua sustatzeko toki ekintzetarakoak, gazteak kontratatzekoak, administrazioko zereginetan lehen esperientzia izateko programa edota kontratazio publiko nahiz pribatukoak. Horiek guztiak hainbat programen bidez sustatuko dituzte; izan Udalaren diru laguntzetatik izan eskualde mailatik bultzatutakoak.
Aurkezpenean Aizpea Patxi Arrazola Oarsoaldea Garapen Agentziako enplegu arduraduna, Otaegi alkatea, eta Alazne Korta Udal Antolaketa zinegotzia egon ziren. Plan horiek hainbat helburu dituztela azaldu zuten, langabe kopurua jaistetik haratago: “Errenterian eta eskualdean enplegua sustatu nahi dugu; langabetuei lan-merkatuan sartzen lagundu; eta, azkenik, lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten talde zaurgarriei enplegagarritasuna handitzea”.
Plan Orokorra edo Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen deialdia
Honen baitan, 26 lanpostu bultzatu ditu Errenteriako Udalak. Bilatzen dituzten profilak honakoak dira:
- Bederatzi administrari laguntzaile.
- Digitalizatzaile bat.
- Hiru peoi elektrikari.
- Bi brigadako peoi.
- Ofizial lorezain bat.
- Ofizial arotz bat.
- Peoi arotz bat.
- Ofizial iturgina.
- Ofizial errementaria.
- Peoi errementari bat.
- Bi ofizial margolari.
Aukeraketa prozesuak martxan daude dagoeneko, eta lan eskaintzak irailaren 27ra arte egongo dira argitaratuta Lanbideren webgunean.
Gazteak kontratatzeko EGF PLUS laguntza eta Lehen Esperientzia programa
EGF PLUS programak, 30 urte arteko gazteek merkaturatzeko dituzten zailtasunei aurre egiteko, lau lanpostu jarri ditu abian:
- Bi administrari.
- Dinamizatzaile bat.
- Zuzenbidean graduatutako gazte bat.
Hortaz gain, Lehen Esperientzia programa Europar Batasunaren Next Generation funtsek finantzatu dute, eta horren baitan bederatzi lanpostu eskainiko dituzte:
- Ingeniari/arkitekto teknikoa.
- Arkitekto bat.
- Erdi mailako teknikari bat.
- Kultur teknikaria.
- Komunikazio teknikari bat.
- Zuzenbidean graduatu batentzat lanpostua.
- Berdintasun teknikaria.
- Informatikaria.
- Administrari bat.
Berpiztu programa
Programa hau EAEko eskualde ezberdinetan jarri da abian, eta Oarsoaldean, Garapen Agentziak dinamizatuko du. Hori horrela, Berpiztu bidez gizarte egoera ahuleko eskualde eta lehentasunezko jarduerei eskaintzen die arreta. 10 lanpostu eskainiko dituzte Errenteria-Oreretan, denak udalean:
- Hiru atezain.
- Administraria.
- Bi elektrikari laguntzaile.
- Bi margolari ofizial.
- Igeltsero peoia.
- Igeltsero ofiziala.
Hortaz gain, Berpiztu programaren baitan eskualdean 96 kontratazio sustatzeko diru laguntzak jarriko dituzte martxan, kontratazio pribatua bultzatzeko asmoz. Kontratazio horiek gutxienez sei hilabeterako izan beharko dira, eta jardunaldi osoa kontratatzeko 6.000 euro jasoko dituzte enpresek. Horietatik 64 kontratazio egin dira jada, baina 32 lanpostu sustatzeko diru laguntzak esleitze daude oraindik ere.
Bukatzeko, Berpizturen azken lerroa Auzolan Programa izenekoa da. Berau herritar langabeei zuzendurikoa da, eta Oarsoaldea Garapen Agentziak 21 pertsona trebatuko ditu Auzolanen bidez.
Azkenik, ordezkariek dei egin diete herritarrei Lanbiden izena ematera, hori izango baita aipatu programak garatzeko erabiliko den kontratazio bide nagusia.