Eskualdeko ekintzaileei diru laguntzak emango dizkie Lanbidek
Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez kudeatuko diren laguntzak enpresen ideia berriak bultzatzeko erabiliko ahalko dira.
Lanbidek diru laguntza lerro bat atera du eskualdeko ekintzaileen proiektuak sustatzeko. Oarsoaldea Garapen Agentziak kudeatuko ditu horiek.
Hamargarren urtea da Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei bideratutako diru-laguntzen deialdia abian jartzen duena. Aurten bi diru lerro egongo dira abian, enpresen ideia berriak bultzatzeko eta horien jarduera berriak martxan jartzeko xedez.
Deialdi honetan, 30 urtetik beherako gazteei eta emakumeei arreta berezia eskaini zaiela esan dute arduradunek, kolektibo horientzat laguntzaren zenbatekoa handiagoa denez gero.
Onuradunek jasoko dituzten laguntzak ondorengoak dira:
- Enpresa-ideiak garatzeko: 30 urte edo gehiago duten gizonezkoentzat 1.000 euro eta emakumezkoentzat 1.150 euro; eta 30 urte edo gutxiago duten gizonezkoentzat 1.150 euro eta emakumezkoentzat 1.300 euro.
- Enpresa-proiektuak martxan jartzeko: 30 urte edo gehiago duten gizonezkoentzat 1.500 euro eta emakumezkoentzat 1.725 euro; eta 30 urte edo gutxiago duten gizonezkoentzat 1.725 euro eta emakumezkoentzat 1.950 euro.
Eskaera aurkeztu nahi dutenek Habian! Hazitegian (Torrekua eraikina, Errenteria-Orereta) egin beharko dute hori, urriaren 19a baino lehen. Bulegoa goizeko 9:00etatik 14:00etara egongo da zabalik.