Aukeratu ez den bakardadeaz hitzaldia, urriaren 5ean
Reina aretoak jasoko du Sara Marsillak emango duen hitzaldia. "Kultura urbano mendebaldarraren joera da bakarrik biziko diren pertsonak sortzea".
Hautatu ez den adinekoen bakardadearen gaian sakontzeko, hitzaldia antolatu du Errenteria-Oreretan Duintasuna elkarteak urriaren 5erako. 18:00etan izango da solasaldia, Sara Marsillas Matia Fundazioko kolaboratzailearen gidaritzapean. Reina aretoan izango da.
Duintasunak emandako datuen arabera, populu osoaren %25 65 urtetik gorakoa da, eta 2050. urtean %30ekoa izango dela aurreikusi dute adituek. “Beraz, urteak aurrera joan ahala, bakardade soziala handitzen joango da”. Bakardadearen gaia, adinekoen artean batik bat, egunez egun indarra hartzen ari den gaitza dela ziurtatu du Duintasunak, “Munduko Osasun Erakundeak aukeratu gabeko bakardadea pertsonengan eragin handia duen gaia dela jasoa du, haien osasunean batez ere egiten duelarik kalte: depresioa, mugikortasuna galtzea, bihotzeko gaixotasunak, hilkortasun goiztiarra, ahulezia kognitiboa…”.
Gainera, nahi ez den bakardadeak arlo kulturaletik asko duela adierazi dute adituek, aldaketa demografikoari pisua kenduz. “Adineko pertsonak ez dira sentitzen bakarrik adinekoak direlako. Bizi garen gizarteak horretan eragin handia du. Kultura urbano mendebaldarraren joera da bakarrik biziko diren pertsonak sortzea”.
