Autoen maitaleak, zorionekoak larunbatean Lezon
Arrazoi bategatik edo besteagatik ikusgarriak diren 120 autok herria zeharkatuko dute larunbat arratsaldean.
San Sebastian Circuit Spirit egitasmoak Lezon egingo du pasaldia larunbatean. Modu batera edo bestera bereziak diren autoen zeharkaldia da Circuit Spirit: auto historikoek, marka esanguratsuetakoek, edo zerbaitengatik ezagunak diren autoek parte hartzen dute lau gurpileko autoen segizioan. 120 bat autok parte hartzen dute zeharkaldian.
Euskal Herriko hainbat herritatik pasako da San Sebastian Circuit Spirit. Lezon, zehazki, larunbateko 17:45ak eta 18:00ak artean espero dituzte autoak, udalak jakinarazi duenez. Andreonetik sartuko dira herrigunera, Kale Nagusia pasa, eta Gurutze Santuaren plaza zeharkatu ondoren Donibane kaletik irtengo dira herritik. Orotara, auto den-denak ordubetean pasako direla zehaztu du udalak.
Lezoko Udala jardueraren babesle da. “Herritar guztiak erakustaldiaz gozatzera gonbidatzen ditugu”, adierazi dute udal erakundetik.