Antxo AF-ren 68 aurpegiak aurkeztuko dituzte gaur
Jendaurreko aurkezpen ofiziala egingo dute gaur Antxon zuri-gorriek. Sekula baino ugariagoa da aurten kluba.
Antxo Areto Futbola kirol klub antxotarrak sasoiko aurkezpen ofiziala egingo du gaur, 18:15ean, Ibaiondo pilotalekuan. Bertan izango dira zuri-gorrien kide guztiak, eta lunch musikatua promestu dute ekitaldiari bukaera emateko.
Inoiz baino ugariagoa da aurten kluba, Alberto Ferreres presidenteak ziurtatu duenez. Jokalariak 57 dira, eta entrenatzaile, ordezkari nahiz bestelako kideekin 68 laguneko familia bat osatuko dute 2022-2023 denboraldirako. Aurpegi guztiak banan-banan aurkeztuko dituzte gaurko ekitaldian.
Zaleei gonbidapen irekia egin die lehendakariak pilotalekura bertara daitezen. “Tortilla eta edaria, gure kontu!”, eman dute hitza.