[Erreportajea] Aparrarekin jolasean aritzeko hamasei txorrota Saldisen
Tiñelu elkarteak Garagardo Festa antolatu du urriaren 6tik 8ra. Apardun edariaz gain, jan eta festa egiteko beste hainbat osagarri prestatu dituzte. Karlos Saldise plazak jasoko du feria.
Karlos Saldise plazaren estalpean egingo dute aurten ere Lezoko Garagardo Festa. HITZA. 2013an egin zuen lehenengoz Tiñelu elkarteak Lezoko Garagardo Festa. Aurten, zortzigarren ekitaldiaren antolaketa lanak ixtear dira. Izan ere, urriaren 6tik 8ra Karlos Saldise plaza era berezian girotuko duen festa izango da. Elkartekideek aurreratu dute hamasei txorrota izango direla gunean, hau da, hamasei garagardo ezberdin dastatzeko aukera izango dela, horietako bat, alkoholik gabekoa: «Jendeak hala eskatuta, aurten lehenengoz txorrotako alkoholik gabeko garagardoa ere izango dugu festan, Alemaniakoa», zehaztu du Tito Labordetak, Tiñelu elkartearen izenean antolaketan buru-belarri dabilen lezoarrak. Udalaren laguntza du jaiak.
Hiru egun horietan, egunero 18:00etan zabalduko dute aparraren festa. Garagardoa dastatzeaz eta jakiak irensteaz gain (saltxitxak, ukondoa, saiheskia eta horrelakoak egongo dira), hainbat jarduera osagarri izango ditu festak, musikari lotutakoak batik bat.
Labordetak aipatu du jaiarekin duen arrakastagatik jarraitzen dutela. «Jende asko etortzen da Lezora egunotan. Herrikoek bai, baina kanpokoek ere bertan gustura egoteko aukera dute. Beraz, eskualdeko jendeari ere gonbita egiten diogu hona etor daitezen. Autobusaren geltokiaren ondoan dago gunea».
Garagardoen nolakotasunaren gainean galdetuta, Tiñeluko kideak aipatu du ia denak, bat ezik, Euskal Herritik kanpokoak direla. Hamaseigarrena Bidasokoa da. «Gauza ia denak bezala, garagardoaren prezioa ere asko handitu da. Zaila izan zaigu bertako garagardoak prezio onean aurkitzea. Saiatuko garena da ahalik eta prezio merkeenean saltzen izango ditugun garagardoak eta jakiak».
Herrirako, lezoarrekin
Datu bat eman du Tito Labordetak: ia 100 pertsona izango dira era batera edo bestera Garagardo Festan lanean izango diren lezoarrak. Aurretik eta ondoren, hau da, muntaiaren eta desmuntaiaren unean ere laguntza handia izango dutela aurreratu du: «Tiñeluren egitekoen artean herri giroan eragitea dago. Zentzu horretan ulertzen dugu Garagardo Festa. Herrian gauzak egin nahi ditugu, lezoarrentzat eta denentzat».
