Etxeko tamaina handiko hondakinen inguruko kanpaina, aurki
Lezoko udalak jarriko du abian, San Markos Mankomunitatearekin batera. Kartelak erantsiko dituzte portaletan, eta inkestak egingo.
Lezoko Udalak, San Markos Mankomunitatearekin elkarlanean, tamaina handiko hondakinen bilketari buruzko kanpaina bat jarriko du martxan. Helburua hondakin horien kudeaketa egokiaren inguruko kontzientzia lana egitea izango da. Alegia, kanpaina honen bidez herritarrei tamainako hondakinak noiz, non eta nola utzi behar dituzten argitu nahi diete ordezkariek. Era berean, tamaina handiko hondakinak zeintzuk diren eta zeintzuk ez ere argitzea izango dute helburu.
Horri dagokionez, Tresna Elektriko eta Elektronikoen Hondakinetan eragin nahi da. Izan ere, horiek araudi propioa dute, haien erabilera okerrak ingurumenean izan ditzakeen ondorioengatik. Telebistak, hozkailuak, mikrouhin-labeak edo garbigailuak sartzen dira multzo horretan.
Sentsibilazioa egiteko, Lezoko udalak kartelak erantsiko ditu portaletan, herritarrek informazioa izan dezaten uneoro eskura. Hortaz gain, pertsona bat egongo da kalean barrena kudeaketaren informazioa errazteko. Gainera hainbat inkesta egingo ditu pertsona horrek; artean, herritarren iritzia jasotzeko.
Azkenik, bildutako informazioarekin, Udalak egungo egoeraren diagnostikoa lortuko du, eta informazio hori baliagarria izango da etorkizunean ezarri nahi diren hobekuntzetarako.
Gaur egun, etxeko tamaina handiko hondakinak asteazken arratsean utzi behar dira Lezon, 20:00ak eta 22:00ak artean. San Markos mankomunitateak ostegun goizetan eskaintzen du zerbitzua.