[Erreportajea] Donibaneko kaleetan entzuten da euskara gehien
Euskararen kale erabileraren joera orokorra goranzkoa da Pasaian. Bonantzakoak dira daturik onenak, eta atzetik, Meipikoak. Erabilera txikiena, Trintxerpen. Haurrek «eragin handia» dute horretan guztian.
Kalean euskararen presentzia aberatsena duen barrutia, aldearekin, gainera, Donibane da. Pasaiako kaleetan zenbat euskara entzuten den neurtu du Soziolinguistika Klusterrak, eta bilduriko datuen berri eman zuen, joan den astean, ikerketa taldeko kide Belen Urangak. Modu batera edo bestera euskalgintzarekin lotura duten 25 lagun elkartu ziren Trintxerpeko alkateordetzan.
Okerrenaren esperoan bertaratu zela aitortu zuen baten batek. Izan ere, astebete lehenago eman baitzituzten Oiartzungo kale erabileraren emaitzak, eta horrela jakin ahal izan zen 2016tik bost puntutan egin zuela behera euskararen presentziak herriko karriketan. Pasaiak, beraz, patu antzeko edo ilunagoa izango zuela pentsa liteke.
Haatik, eta aurreikuspenen kontra, eman zuen titularra Urangak: euskararen kale erabilera Pasaian, 2021eko datuen arabera, %19,1ekoa da; azken neurketan —2018koa— baino 6,2 puntu altuagoa (%12,9). Gehiago ere esan zuen: orotara, begirada luze atzera botaz, goranzko joera du euskararen kale erabilerak Pasaian, 2001ean %13,4koa zenez gero.
Esandakoa herriko kaleetan barrena murgilduz neur daitekeenaren isla da, ez beste ezerena. Izan ere, metodologia horretan oinarrituta egin du ikerketa klusterrak. Zenbait ibilbide adostu eta bikote neurtzaileak sortu zituzten taldearen barruan.
Horiek bi orduko zirkuito bera errepikatzen zuten ibilaldi bakoitzean, gurutzatutako oinezkoei buruzko zenbait informazio jasoaz: zein hizkuntzatan ari ziren, sexua —fenotipoaren arabera, betiere—, adina eta haiekin haurren bat ba ote zihoan —azken informazio horren garrantzia aurrerago azalduko da—. Denera 3.943 elkarrizketen informazioa jaso zuten, 10.313 solaskidek parte hartu zutelarik horietan. Laginaren zenbatekoa ikerketaren fidagarritasuna sostengu dela esan du Urangak.
Horra hor Pasaiako sei ibilbideak: Bonantza (Donibane), Meipi (Donibane), San Pedro zaharra, Poblado (San Pedro), Antxo eta Trintxerpe. Horietako bakoitzean 10 orduko neurketak egin zituzten, eta beraz, 60 orduko datuak bildu zituen Soziolinguistika Klusterrak.
Barrutika eta adinka
Kalean euskararen presentzia aberatsena duen barrutia, aldearekin, gainera, Donibane da. Zehazki, Bonantzan entzuten da euskara gehien (%25,6), eta Meipin gero (%23,5). Atzetik, San Pedro zaharra (%20,5) Antxo (%20), Poblado (%15,4) eta distantzia handira Trintxerpe (%4,6).
Euskara nork erabiltzen duen jakina da, dagoeneko, Euskal Herri mailan egindako neurketengatik: emakumeek egiten dute gehiago euskaraz. Dena den, nazioan aipatzeko modukoa den alde hori askoz ere lausoagoa da Pasaiara ekarrita. «Sexuen aldea ez da hain handia Pasaian, Euskal Herrian bezala», zehaztu du Ugaldek.
Alde handiarekin, haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak kalean. Zaku horretan sartu dituzte 4 eta 14 urte bitartekoak —kontuan hartuta, betiere, kale neurketetan begi bistaz antzeman zitekeena hartu dutela oinarri—. Beste lau adin tarteak hauek izan dira: gazteak (15-24 urte), heldu gazteak (25-44 urte), heldu nagusiak (45-64 urte), eta adinekoak (64 urtetik gora).
Pasaiako haurren %41ak egiten du euskaraz kalean. Gero, heldu gazteak dira (%24,7) euskara gehien erabiltzen dutenak, eta honakoa gainontzekoen hurrenkera: heldu nagusiak (%11,2) eta adinekoak (%10,2).
Urangak badu hipotesi bat, heldu gazteen eta heldu nagusien artean, urte gutxian, ematen den arrakala azaltzeko: baliteke horrek harremana izatea gurasotasunarekin. Izan ere, haurren presentziak «garbi» eragiten baitu ingurukoen hizkuntz erabileran.
Beste datu bat ere eman zuen ikerlariak: harreman ez horizontaletan, euskara gehiago erabiltzen da harreman horizontaletan baino. Alegia, adin-tarte ezberdinetako pasaitarrak elkartzen direnean, gehiago entzuten da euskara adin tarte berdinekoak, kuadrillakoak, kasu, bakarrik daudenean baino.
Eta hori hobetzeko, zer?
Lortutako datuen indarguneak aberastu eta ahulguneak sendotzeko, Bokalek, Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, martxan du II. Pasaiako Euskararen Plan Estrategikoa. Horren berri ere eman zuten bilkura berean, Bokalerekin batera, plana lantzeko prozesuan parte hartu duten herriko eragileek eta Elhuyar Aholkularitza enpresak. Datozen urteetarako zehaztu dituzten lan-lerroak zeintzuk diren zehaztu zuten.
Bertan izan ziren ikastetxeetako arduradunak, euskaltegietakoak, lan mundukoak, aisian dihardutenak, udal arduradunak… horiek guztiek hausnarketa egin dute dagokien arloan eta zehaztu dituzte datozen urteotarako lan lerroak, euskararen erabilera gaika sustatzeko.
