Antxon autobus baten atzealdean igota zihoan gizona, identifikatuta
Ertzaintzak, ikertu gisa, eginbideak ireki dizkio 28 urteko gizonari. "Bide segurtasunaren aurkako" delitu bat leporatu diote.
Ertzaintzak eginbideak ireki dizkio, ikertu gisa, 28 urteko gizon bati, bide segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita. Gaztea Pasai Antxotik Errenteria-Oreretara bidean zirkulatzen ari zen autobus baten atzealdera igota zihoan, atzeko auto batetik bideoa egin ziotenean.
Ikus-entzunezko hori berehala bilakatu zen biral inguruko bizilagunen artean. Hura oinarri hartuta, hain zuzen, lortu du poliziak gertatutakoari buruzko ikerketa ireki eta, azkenik, gaztea identifikatzea.
Atzo, asteazkena, eman zuten bukatutzat ikerketa. Errenteria-Oreretako ertzain etxeko agenteek gizona identifikatu eta eginbideak ireki dizkiote ikertu gisa, bide segurtasunaren aurkako ustezko delitu batengatik. Eginbide horiek Donostiako Guardiako Epaitegira bidaliko dituzte.
