Apaiziartza erreka garbituko du Ameztik
Hilaren 15erako egin dute deialdia. 09:00etan abiatuko dira, Euskal Herria plazatik, Gaintxurizketa aldera.
Gaintxurizketako Apaiziartza erreka garbitzeko eta bernaturalizatzeko auzolana antolatu du sortu berri den Amezti taldeak hilaren 15erako, larunbata. 09:00etan gelditu dira Euskal Herria plazan, handik errekarantz abiatzeko. Baso Biziak plataformaren deialdiari eutsiko diote horrela lezoarrek. Bertaratuko direnei gomendatu diete eskularruak, lanerako arropa eta katiuska gisako botak eraman ditzatela. Ameztik esan du aurrerago egingo dutela taldearen jendarteko aurkezpena.
Garbiketan, errekaren ibilguko eta ertzetako elementu arrotzak ezabatuko dituzte, batik bat plastikoa, beira, txatarra eta material sintetikoak. «Horien jatorria erreka bera zeharkatzen duen GI-2638 errepidea eta ertzetan pilatutako zaborra dira», zehaztu dute Ameztikoek.
Hilaren 15eko iniziatiba hausnarketa sakonago batetik dator. Taldekideek uste dute Gaintxurizketako errekasto gehienak arriskuan daudela: «Eta plataforma logistikoa eraikiko balitz, denak suntsituko lirateke». Plataforma egitea «erasoa» da lezoarrentzat, eta gune naturalak zaintzearen, ekosistemak berrosatzearen, eta erreketara egiten diren isurketak geldiaraztearen alde egin dute.
Zubitxo erreka
Apaiziartzako errekaz gain, eragiteko beste hezegune bat begiz jota dute Ameztikoek: Zubitxo erreka. «Errekaren egoera salagarria da. Ia guztia urbanizatua eta kanalizatua, erdia baino gehiago lurperatuta, eta behin eta berriro Algeposaren isurketak jasaten. Dagokien erakundeek ez dute eskurik sartzen».
