Gutun galduak
Ez nizun bidali. Ez nizun esan. Koldarkeriatan ito nintzen, eta ez nuen asmatu bestela adierazten esan beharrekoak.
Zuk, balizko maitale horrek, ez zenuen jaso inolako mezurik, eta bai, hezurretaraino maiteminduta nintzen. Zoratzen ninduten zure irribarreek, eta ezin nion eutsi barreari zu ikusten zintudan bakoitzean. Urrutitik antzematen zen, edo horixe iruditzen zitzaidan niri. Zuk, ez! Ez zenuen nabaritu. Ez zen izango ahalegindu ez nintzelako. Iheslari perfektuaren trajea jantzi, eta iskin egiten zenion elkarri begietara begiratu, eta zerbait garrantzitsua zetorrela igartzen zenuen bakoitzean… Lubakia. Sakona, gainera. Arrapaladan etorritako ideiak, tarteka, jarri nituen paperean amildegi hura gainditzeko, baita ezabatu ere. Ez ziren helmugara iritsi, bistan da. Hobe, agian.
Zu, lagun porrokatu hori, maiz haserretu zinen nirekin. Gehiagotan, ni zurekin. Behar zintudan une latz haietan, baina ez nizun hitzez deus ere eskatu. Berdin alderantziz. Nire premia zenuela ohartu, eta keinu baten saiakeran amaitzen ziren indarrak. Ez genuen asmatu elkar ulertzen. Ez zen beste munduko ezer… komunikazioa… haren falta. Mezuak idatzi eta ezabatu nituen makina bat aldiz, sekula ere bidali gabe. Ez nizun esan zure hutsunea sentitzen nuenik, une tristeetan bezala alaietan. Kitto.
Zu, kide prestu hori, gertatutakoaren erantzule izendatu zintudan, konpromisoaren pozoia dastatuz ahoan. Ez nekien ekitaldi hartara zergatik iritsi zinen berandu, edo nolatan ez zinen bestera joan. Arrazoi zentzuzkorik ez zenuela ebatzi nuen. Ez nizun galdetu ere egin, ez nizun azalpenik emateko aukerarik eman, eta sasi epaiketaren ondotik ez nintzen zutaz fio. Beste hainbeste gertatuko zitzaion baten bati nirekin, baina ez dut horren berririk.
Aurreko bizipenak nire larrutan sentitu arren, ezintasun horien infrentzua ikusten dut azkenaldian sare sozialetan. Itxuraz, ausart, norberak eska diezaioke beste bati, edonori, hari hizketan hasteko, zerbaiti buruzko iritzia emateko, edo maite jolasetan aritu nahi duen adierazteko. Aurrez aurreko bertigoari ihes eginda, ezkutuan, lotsa gutxiagorekin aritzen da jendea. Zalantzak eragiten dizkit, ordea, ausardia hori ez ote den benetan elkarri ez diogula batere axola, harremanak bilakatu direla zeharo azaleko, eta ez dugula epe luzean inorekiko harremana zaintzeko interesik.
Sareetatik urrun, ziur zu ere bete zaituela amorruz zure burua halako egoeretan biluzik sentitzeak, eta zuretzat gorde dituzula maitaleei, lagunei edo eta kideei adierazi beharrekoak. Zenbat eta zenbat gutun utzi ote ditugun bidali gabe, beste horrenbeste mezu esan gabe. Garaiz gaude, dena den, adorea bildu, eta ezkutuei uko egiteko. Aurrez aurre zein idatziz, elkarri esan beharrekoak adierazteko. Bidaliko ditugu bidean galdutako gutunak? Nik, honekin, ekin diot.